EAE-ANVk NaBairi udaletan "konpromiso errealak" eskatu dizkio

Guaixe 2008ko otsailaren 21a

NaBaik berriki adierazi du: "eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu ordezkaritza politikoaren lan hori egitea posible izan dadin". Prentsa aurrean agertu ziren EAE-ANVko kideendako, ordea, NaBairen baieztapen hori "gezurra da, azken 9 hilabeteetan egoerak erakutsi duelako NaBaik nahiago duela Alderdien Legearen aplikazioak ematen dituen fruituak jasotzea". Ekintzaileek gogora ekarri zuten baliogabetutako zerrendetan aurkeztutako 19 pertsonek ezin izan dutela zinegotzi kargurik hartu. Horietatik 10 sakandarrak dira (4 etxarriar eta hiruna bakaikuar eta ziordiar). Asteazkeneko agerraldian ekintzaileek gogora ekarri zuten "badaudela tresna legalak baliogabetutako zerrendei ordezkaritza emateko". Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoko 182.2 artikulua aipatu zuten eta gogoratu zuten EAE-ANVk artikulu horren aplikazioa eskatu duela. Aldi berean, NaBairi eskatu zioten "EAE-ANVren legez kanporatzearekin publiko egin duten jarrera udal horietan erakutsi dezala. Hautetsi eta boto-emaileen eskubide politikoak azken udal hauteskundeetatik ematen dira".