Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasutik Etxarrira, trenezIbilbidea Etxarri Aranatzen hasiko bada ere, hitzordua Altsasun jarri dute, goizeko 8:00etan. Izan ere, herriko tren geltokian, labaderon, trena hartuko dute eta trenez Etxarri Aranatzera joanen dira ibiltariak. Betiko trenbidearen egoera tamalgarria salatu nahi dute horrela. "Egungo trenbideari ematen zaion erabilera eskasa salatu nahi dugu. Bertan oso kostu ekonomiko eta ekologiko baxua duten lanak eginez, benetako beharren araberako primerako garraioa izanen genuke, lurraren egituraketa errespetatuko zuena. Horregatik guztiagatik garraio mota honen aldeko apustu garbia egiten dugu eta larunbatean trena erabiliko dugu" azaldu zuten AHT Gelditu! Elkarlanako kideak. Etxarrira trenez ailegatuta, handik ekinen diote bidea ibiltzeari, Abiadura Handiko Trenak Burundan eginen lukeen bidea ezagutzeko. Bidean geldialdiak eginen dituzte eta AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek azalpenak emanen dituzte. Azalpenak entzutearekin batera iritziak emateko aukera ere izanen da. Bidearen erdi aldean, Iturmendin, gosaltzera geldituko dira ibilaldian parte hartzen dutenak. Atseden hartu eta indarrak berritu ondoren Altsasurantz joko dute. Eguerdiko ordu bata aldera iritsiko dira helmugara oinezkoak eta mobilizazio txiki bat egiteko asmoa dute. Horretaz gain, Zubi Ondo elkartean mahaiaren inguruan bazkaltzera biltzeko aukera ere izanen da. Martxaren helburuakAbiadura Handiko Trenak Sakanan egin dezakeen ibilbidea bertatik bertara ezagutzeko antolatutako mendi martxek hiru helburu dituzte. Lehenik eta behin, AHTk Sakanan barna eginen lukeen balizko ibilbidea zuzenean ezagutzea eta lanak izango duten eragina ikustea. Bigarrenik, AHTren inguruan informazio eza dagoenez, gizartea informatzea eta sentsibilizatzea. Azkenik, AHTren inguruan informazio nahikoa dagoenean, etorkizunean herrietan eta kontzejuetan AHTren inguruko kontsultak izatea ahalbideratzea eta bulkatzea. Larunbatekoa ez da taldeak antolatuko duen azkeneko ibilbidea, mobilizazioek aurrera jarraituko baitute.