Taxio Ardanaz

Guaixe 2008ko otsailaren 29a

Ziudadela leku aproposa da artea ikusteko. Beti jartzen dituzte hiru edo lau erakusketa egoitza eberdinetan. Igandekoa Taxio Ardanazen lanak ikusteko asmoak bultzatutako bisita izan zen. Lehenengoz Fernando Villenaren argazki eta margolanak ikusi nituen, batzuk interesgarriak. Mixtoen egoitza berean, Gardena Kolektiboaren uraren inguruko margolanak zeuden ikusgai. Labean Todo es Política" Miguel Solerren bideo-instalazioa. Bukatzeko Polvorinera abiatu nitzen, behingoz Taxioren Etsipena erakusketan murgiltzeko. Aretoa ez da haundegia eta batzuetan gertatzen den bezala, gehiago ikusteko gogoarekin gera gaitezke. Erakusketa margolanez osatua dago, nahiz eta Taxiok eskulturak eta bideo lanak ere egiten dituen. Margolanak formatu antzekoak dira eta multzoka iltzatuak daude paretan. Multzoak hurbil samar daude elkarrengandik eta amaigabeko artelanaren itxura hartzen dute. Erabilitako teknika apala da: akrilikoa paper eta pareta gainean. Margotutakoan irudiak igarri dira, bat-bateko keinuz egindako azalerak estaliz pintatzen dituelarik. Iltzatuta egoteak (marko edo euskarririk gabe, alegia) begiradaren arreta lanean kontzentratzea errazten du, trabak kentzen ditu margoak jarraian ikusteko. Trataera (koadrotik koadrora) gutxi aldatzen da eta jakina da honek modu jarrai batean irakurtzen uzten duela, artistak hizkuntza formal propio batetik hitz egingo baligu bezala. Keinuaren bat-batekotasunak, teknikaren apaltasunak eta bortizki aplikatutako koloreak Alemaniako espresionista berriak ekarri dizkit gogora. Hauen modura, bainan 40 urte geroago, Taxiok itxura desitxuratzera jolasten du, anonimotasunaren bila edo. Lantzen duen gaia berriz, espresionistena ez bezala, konpromiso haundikoa da: elementu militarrak, ikurrak (ikurrinak edo futbol taldetako koloreak) edo gizakion egunerokotasuneko jarduerak agertzen dira. Elkarrekin paratuak, egoera arraroak behartzen ditu, ikuslearengan erreakzio desberdinak eraginez, eroso sentitzeko aukerarik eman gabe. Zenbait margoren aurrean Badiolaren bideo lanak gogoratu ditut, gizakion izaera politikoan ematen diren paradoxak azaltzeko moduagatik edo. Hemen ere artea arteaz mintzo dela ziurtatu genezake, etsipenez bere burua artearen mundura eskaini duenaren eskutik. Erakusketa hau Iruñeko Udalak argitaratutako liburuxka txukun batean bilduta dago eta aretoan salgai dago.Miren Ustarroz