Egiarreta eta Altsasukoak haur kantu jaialdian

Guaixe 2008ko otsailaren 28a

Elizondoko Lur aretoak hartu zuen larunbat goizean haur kantu jaien bigarren saioa. Eskenatokira 13 talde eta bikote igo ziren. Ane eta Mar Gonzalez ahizpa gazteak Egiarretatik joan ziren kantu jaialdian parte hartzera. Haiekin batera Alvaro Fernandez (gitarra) eta Aritz Viñas (bateria) joan ziren eta guztien artean jendaurrean Lor taldearen Zure doinua kantua eskaini zuten. Altsasuko bikoteakBigarren kantatu zuen larunbatean, gazte mailan, Sugan bikoteak. Jaione Diazek eta Jone Rubiok Karlos Manero (gitarra) eta Idoia Alonso (bibolina) musikarien laguntza izan zuten Zarena zarelako kantua abesteko. Biak ere Zelandiko ikasle ohiak dira baina ikastetxearen laguntzaz prestatu zuten parte hartzea. Jaione eta Aintzane Diaz ahizpa altsasuarrak Sugan taldearen Sinisten kantua abestu zuten Elizondon. Haiei laguntzen Erkuden Aldasoro (pianoa) eta Karlos Manero (gitarra) izan ziren. Gazte mailan aritu ziren. Txikien mailan eta musikari berberen laguntzaz, kantuan aritu ziren Ane Martinez eta Aintzane Diaz. Jendaurrean Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean kantatu zuten. Gazte mailan beste biko altsasuar bat aritu zen: Miren Barbero eta Maider Davila. Betizuren 7.005 kolore kantua eskaini zioten bildutako publiko guztiari. Altsasuko taldeakZelandi eskola publikoko Lehen Hezkuntzako 6. mailako taldea txikien mailan aritu zen. Aurreko bikotea lagundu zituen bikote bera izan zuten aldamenean Anje Duhalderen Ama Euskal Herria kantatzeko. Kantariak izan ziren: Lidia, Oihane, Anne, Paula, Izaskun Maialen, Ainhoa, Cristina, Maitane, Amaia, Ane, Naroa, Ainara, Noelia, Marina. Bai talde hori, bai Lehen Hezkuntzako 5. mailakoen taldea boluntarioz osatua zen. Ikasleei parte hartzen interesa ote zuten galdetu zieten eta baietz erantzun zuten guztiak prestatu zuten jaialdirako kantua. Hala egin zuten 5. mailan ikasten ari diren Xabierrek, Anek, Raulek, Martak, Nereak, Zairak, Marinak, Mikelek, Idoiak, Itxasok, Olatzek. Topa dagigun herri kanta abestu zuten. Sakandar gehiagoMartxoaren 8an, Lekunberriko Polikiroldegian, 18:00etan, haur kantu jaialdien 4. saioa izanen da. Elizondon bezala, Lekunberrin ere haur kantari sakandarrak izanen dira. Zehatz esanda, Irurtzungo udal musika eskolako eta Lakuntzako Sansaastin udal musika eskolako bina talde eta Lakuntzako eskola publikoko talde bakarra. Lekunberriko jaialdiaren ondoren jakinen da martxoaren 16an, igandearekin, Iruñeko Gaiarre antzokian jokatuko den azken haur kantu jaialdian zeinek parte hartuko duen.