Obra potoloak santutegian

Guaixe 2008ko martxoaren 2a

Aralarko santutegian azpiegitura nagusiak berritzeko lan potoloak egiten ari dira. Hala azaldu digu santutegiko kaperau Mikel Larranbeberek. Nonbait, urteen poderioz zaharkituta geratu diren azpiegiturek - elektrizitateak, saneamenduak eta beste - arazo asko sortzen zituzten. "Orain hau izorratzen zela, gero bestea... behin eta berriro adabakiak jartzen aritu gara, baina konturatu gara hobe zela be¬¬hingoz guztia goitik behera errebisatu eta behar zena berritzea" adierazi du kaperauak. Azpiegitura nagusiak berrituEta hala egin dute. Guztia behar bezala egiteko abenduan santutegiko taberna itxi eta obra potoloak hasi ziren. Esaterako, elektrizitate azpiegitura guztia goitik behera ari dira aldatzen, oso zaharkitua zegoelako. "Elektrizitateko hartune guztia berritu dugu, transformadoretik santutegiko eraikin guztira doana. Arketa guztiak berritu ditugu eta orain kableatu guztia sartu behar dute, lurrazpitik" azaldu du Larranbeberek. Lehen ere lurrazpitik pasatzen zen kableatua, baina soilik 10 cm inguru zegoen sartuta. "Toki batzuetan kableak ateratzear zeuden, horrek dakarren arriskuarekin" azpimarratu du kaperauak. Orain ia metro bateko sakoneran joanen da kableatu berria. Santutegiko atzealdean transformadore bat dago, lurrazpian, eta hori guztia ere behar bezala jartzen ari dira. Baina lanak ez dira hor amaitzen. Santutegiaren azpian putzu septiko bat dago, eta hori ere goitik behera errebisatuko dute. Bestalde, ur sareei ere errepaso ederra emanen zaie. Artxuetan bi ur biltegi daude, lur azpian. Elektrizitatez dabilen ur ponpa batek ur hori santutegira eramaten du, lur azpian dauden hodien bitartez, eta santutegi azpian dagoen ur biltegi bateraino eramaten du. Ur depuradora santutegian bertan dago, eta Mikel Larranbeberek dioenez etxola bat eraiki behar diote aipatu araztegiari, estali gabe baitago. Horretaz gain, ur sare guztia errepasatu behar dute. Aurrekontu handiaAipatu lanek aurrekontu oso handia dute. "Oraindik ez dugu zehatz-mehatz esaterik zenbateko kostua izango duten lan hauek, baina kostu oso-oso handia izanen da. Sanmigelzale batzuek dirua eman dute, baina mailegu bat eskatu beharko dugu banketxeetan, elizbarrutiak abalatuta. Ikusiko dugu, bestalde, Nafarroako Gobernuak zein erantzun ematen dien gure eskariei" azpimarratu du Aralarko kaperauak. Negu honetako eguraldi berezi hau obrak egiteko mesedegarria izan dela ezin da ukatu, izan ere udarako despeditu nahi dituzte aipatu lan guztiak. "Konplikatuena konpondu dugu. Pentsa, arkitektoa, ingeniaria, aparejadorea, elektrikaria eta iturgina daude hemen lanean" dio apaizak, irribarrez. Bestalde, lan txikiago batzuk eginen dituzte. Esaterako, santutegira daraman eskaileran barra bat jarri behar dute, jendea heltzeko. Eta etorkizunean oztopo arkitektonikoak ezabatu ahal izateko proiektu bat zabaldu dute Nafarroako Kutxan, zeuk erabaki, zeuk aukeratu ekimenean. Bertara ekarpenak egin daitezke, etorkizunean lanak egiteko. "Pixkanaka-pixkanaka eginen dugu" dio apaizak. Jantoki berriaObra hauek despeditzen direnean zabalduko ditu ateak, atzera ere, Aralarko San Migelgo tabernak. Larranbeberek adierazi du tabernaren gestioa emateko eskaintza batzuk dituztela, eta aurrerago hartuko dutela erabakia. Nolanahi ere, tabernan aldaketa izanen da. "Aurretik eginda dagoen obra errespetatu behar da. Orain sartu eta lehen aterpea zena jantokia da, eta guztia gurutzatu behar da tabernara joateko. Jantokirako espazio gehiago behar zela jakitun, garai bateko saloia jantoki bezala prestatzen ari gara" azaldu Aralarko kaperauak. Obrak martxan daude eta aurreikusten da bi hilabeteko epean despedituko direla. "Horrela taberna zabaltzen dugunean obra guztiak despedituta egonen dira eta ez da inolako arazorik egonen. Gainera, jateko toki gehiago egonen da" nabarmentzen du apaizak. Nolanahi ere, Larranbeberek gaineratzen du santutegian oraindik lan asko dagoela egiteko. "Lehengo hotela zena itxita dago eta soluzio bat eman beharko diogu horri" dio. Dena dela, eskatzea erraza dela baina soluziobideak ematea ez hainbeste azpimarratzen du Aralarko kaperaua izateaz gain Uharte Arakilgo apaiza denak.