MUSIKA KLASIKOA: LUDWIG VAN BEETHOVEN

Guaixe 2008ko martxoaren 6a

Beethoven, musikagile alemaniar handia, klasizismotik erromantizismorako aldaketaren aitzindari nagusietakoa izan zen. Guztiok ezagutzen dugun Europako Batasunaren himnoaren egilea da, bertan Bederatzigarren sinfoniatik hartutako zatiak hartzen baitira.1770eko abenduaren 16an jaio zen Alemaniako Bonn hirian. Gurasoek, Johann van Beethovenek eta Maria Magdalena Keverichek, zazpi seme-alaba izan zituzten, baina hiruk bizi iraun zuten. Horien artean, Ludwig gazteak musikarako gaitasun izugarria erakutsi zuen, eta pianoa jotzeko zuen erraztasuna lehenengo kontzertua zortzi urterekin ematera bultzatu zuen. Nobleziako gizon aberats eta boteretsu batek babespean hartu zuen eta ordezko organista gisa lana eman zion. Nabarmentzekoa da Ludwigen familia diru premia zuela, oso familia apala baitzen. Lanpostuak ahalegin handia eskatzen zion eta haurtzaro eta gaztaro osoak musikari eman zizkion, jolasik eta lagunik gabe. Giro horrek eragin handia izango zuen bere izaera hezigaitz eta erromantikoan. Hamaika urterekin antzerki txiki baten biolinista izan zen, eta hamahirurekin bere maisuaren lekua hartu zuen elizako organoan.17 urte zituela, bere babesleari esker. Vienara joateko aukera izan zuen Beethovenek. Horrela, familiako giro ezin txarragoari ihes egiteko bidea aurkitu zuen ere. Baina oso gutxi iraun zuen bidaia; alde egin eta aste gutxira ama gosez hil eta Bonnera itzuli behar izan zuen. Aita, alkoholismoa zela eta, langabezian gelditu zen eta ez zen Ludwigen anaiak zaintzeko gauza. Horrela, berak hartu behar izan zuen ardura hori, eta biolin orkestra batean joz eta pianoko klaseak emanez, familia mantendu behar izan zuen bost urtez.1792an, babesleak Vienarako beste bidaia bat ordaindu zion, eta hantxe gelditu zen hil arte. Etengabe konposatu zuen eta gorreriaren kontra borrokatu zuen. Vienan Haydn eta Salieriren eragina hartu zuen. 25 urterekin, lehenengo lan garrantzitsuak eman zituen aditzera: pianorako hiru hiruko eta hiru sonata, haien artean op.13 Pathetique famatua. Gainera, konpositore profesional gisa sortutako lehenengo kontzertua eman zuen. Vienak oso harrera ona egin zion bere musikari, batez ere gorteak, nobleziak eta elizak. Geroago, noblezia eta elizarentzako idazteari utzi zion eta konpositore independente gisa aritu zen. Orduan, hasierako musika fresko eta arina, erabat aldatu zen, izaera epikoa hartuz eta maitasun tragikoa agerian utziz. Laburbilduz, Europak bizi zuen garai iraultzailea islatzen zuen Beethovenen musikak.Fermin Idareta