Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Horratx Nafarroa Bai hauteskunde hauetan erabiltzen ari den leloa. Herrigintza mugimenduan dagoen giza abentura da. Horrela behar luke, behintzat. Zoritxarrez hemen guti mugitzen da jendea. Badaezpada: kieto! Bozkarik ez galtzeko, jendea ez izutzeko, gure boto kaladeroak ez uxatzeko...Alderdi bakoitzak tentuz zaintzen ditu bere boto esparruak, ez baititu galdu nahi orain dituen botere-kuotak, ez baitu duena arriskuan paratu nahi, ez horixe! Aldatzeak, moogimentuak kaltea ekarriko bailuen.Eta horrela doa Euskal Herriko politikagintza betiko xendatik, gero eta ahulago, herritarrak gero eta urrutiago ditugula. Gizartea aitzinetik eta alderdiak gibeletik, jende arruntaren kezkak konpondu eta aurrikusi ezinik, alajaina!Nafarroan adibide pollita ari gara burutzen Nafarroa Bai osatzen dugun Aralar, EA, EAJ, Batzarre eta independienteak diren zenbait herritarrek. Alderdikeriak utzi eta batzen gaituena indartuz sortu dugu NAFARROA BAI, eta aspaldian herrigintzak galdua zuen ilusioa, poza, eta politikazaletasuna berpiztu da Nafarroa Garaian. Abertzaletasunak inoiz lortu zituenak eta ez zituenak ari gara eskuratzen azken hauteskundeetan. Ilusioa, poza, gogoa sortu da berriro Nafarroa Garaiako gizartean, moogitu garelakoz, moogi dezakegulakoz. Izan ere, esaten baitu esaera zaharrak: Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen.Dabilenari, moogitzen denari ez zaio zoldarik lotzen, hori da mugimenduak duena, denborak itsasten dizkigun ohitura zakarrak, pentsamendu okerrak, alferkeriak, eta oroitzapen ezdeusak mugimenduak kentzen ditu. On du gizakiak aldatzea, sobera duena botatzea, eta bide berriak jorratzea. Herrigintzari, politikagintzari ere horixe bera eskatu behar diogu. Bide berriak ibili behar dira, alderdikeriak utzita, batzen gaituenari so egin eta bidea egin. Dudarik ez da zailtasunak izanen direla, pertsonalismoak, harropuzkeriak, bakarrik egindako bideak dakartzan gaitasun ezak, eta mila kontu. Horiek denak gainditzen jakin behar dugu eta denon artean sortzen ahal dugunari erreparatu, hainbeste baita egiten ahal duguna, bai horixe!Hau da, ez besterik, nafarroako gizarteak eskertu duena, ilusioa biztu duena, betiko fronteak hautsi eta gizartea eraikitzeko beste era modernoago eta eraginkorragoa badagoela gure barruan, Nafarroa Bai ikusi dutelakoz. Eta gehiago izan behar dugu, anitzez gehiago.Anitzez gehiago, bai, eta horretarako indarkeriaren zama kendu behar dugu gainetik, hori etorriko da eta orduan Nafarroa Bai erakundeak esku-zabalik hartuko ditu abertzale oro, nafar oro, eta ez izan zalantza izpirik, UPNri aurrea hartzeko moduan izanen gara. Orduan bai sortuko dela ilusioa Nafarroa zaharrean. Bi indar izanen dira eskuindar navarrista-espainolistak, batetik, eta Nafarroa Bairen inguruan bilduko den moogimendu aurrerakoi zabala.Ilusioa, bai, ilusioa, hori baita sekula galdu behar ez duguna. Moogimentuak ematen duen indar eta aldarte onaren adierazpidea baita moogimentua, bai horixe!Moogi gaitezen, moogi dezagun!