Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
2 egunkari eta irrati bat itxita. Elkartasuna, kulturgintza, euskalgintza, instituziogintza,....herrigintza koherentea kiminalizatuta. Alderdi politiko, herri plataforma, herri kandidatura, gazte erakunde eta amnisitaren aldeko antolakundeak ilegalizatuta. Makro epaiketak, ehundaka atxilotu, 735 preso politiko, milaka errefuxiatu, hamarnaka herritar jarraipen polizialak jasatzen, tortura sistematizatua, mobilizazio eta protesta ekitaldiak debekatuta, jipoiak, kontrol polizial neurgabea,....XXI. mendean, Europa mendebaldean. Egoera hau ez dago disimulatzerik, ez dago lehuntzerik. Honi SALBUESPEN EGOERA deitzen zaio mundu guztian eta Euskal Herrian gertatzen ari da. Franko hil eta Konstituzioa inposatu zigutenetik 30 pasatu dira. Gure herria irensteko asmoz ezarri zuten marko autonomikoa eta borobilduz, hegoaldeko 4 lurraldeak 2 administraziotan banatu zituzten, independentziarako bidea zailtzeko. Ezker abertzaleak 30 urte hauetan independentziaren ateak zabaltzeko borroka etengabean egon da, eta horri esker, Euskal Herria ez du Espainiak irentsi, ez dute lortu marko konstituzional-autonomikoa asentatzea. Estatuak, egonkortasuna bilatzen jarraitzen du, baina modu faltsuan, nazio bezala dagozkigun eskubideak errekonozitu gabe. Baina aldaketa badator eta ezker abertzaleak, bizi izan dugun azken negoziazio prozesua testigu, aldaketa horren oinarriak mahai gainean jarriak ditu: Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen eta lurralde batasunaren errespetuan oinarritzen den marko demokratikoa. PSOEk eta PNVk, ordea, ezezkoa eman diote. Erabakitzeko ahalmena bermatzen duen lau herrialdeetarako autonomiari ezezkoa eman diote, aspaldiko gatazka honi konponbide politikoa emateko aukera historikoa zapuztuz. Aldiz, PSOE, PNV-NaBai ren laguntzarekin, egungo markoa aldatu gabe, iruzur politiko bat prestatzen hasiak dira eta hauteskunde ondoren jarraitzeko asmoa dute. Horretarako ezker abertzalea paretik kentzea nahi dute eta PSOEren gerra estrategia bortitza aho txikiz salatu arren, babesa ematen diote. Orain, aldaketaren norabidea da jokoan dagoena herri honetan: Konstituziopean jarraitu edo independentziari ateak zabaldu. Herri hau defendatze lanetan ari den oro da etsai Estatuarentzat eta egurra banatzen jarraituko du errendiziorik lortuko ez duela konturatu arte. Zoritxarrez, PNV-NaBai-IU k ez dute asmorik salbuespen egoera honi erantzuteko, herritar erasotuak babesteko, oinarrizko eskubideak defendatzeko. Guk berriz, STOP esan diogu. PLANTO egitea proposatzen dugu, estatu faxistari bizkarra ematea ABSTENTZIOAren bidez. Abstentzioa erabiliz, euskal herritarrok ezetz esan behar diogu Estatu faxistari eta bere Konstituzioari; ez iruzur politiko berri bati; ez ukazioan eta inposizioan oinarritutako ziklo berri bati. Eta abstentzioaren bidez, baietz esan behar diogu Euskal Herrian marko demokratikoa eraikitzeari; bai erabakitze eskubidean oinarritutako lau herrialdeetarako autonomiari; eta, batez ere, eta ezer baino lehen; bai independentzia egia bihurtuko duen Euskal Estatuari.Sakanako Ezker Abertzalea.