Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak Xiba, euskal joko eta jolasen topaketen V. edizioa antolatu du, alde batetik euskal joko eta kirolak berreskuratu, gaurkotu eta sustatzeko, eta bestetik herrien arteko harremanak euskal giroan sustatzeko eta euskara bulkatzeko. Finean, garai bateko herrien arteko jokoak berriz plazaratu nahi dituzte. Jaialdiaren aurkezpena ostiralean egin zuten, Altsasun.Iaz Sakanako bi taldek hartu zuten parte Xiba jokoetan, Irañetak eta Uharte Arakilek. Uharte Arakilgo taldeak ez zuen lortu Euskal Herriko final handian lehiatzeko txartela. Aldiz, Irañetako taldea aipatu finalean izan zen eta hirugarren postuan sailkatu zen, 2006. urtean bezalaxe.Xiba jokoetan lehendabizi herrialdekako jaialdiak jokatuko dira eta ondoren final handia. Jaialdiko zitak ondokoak dira: apirilaren 12an Hernanin; apirilaren 19an Baigorrin; maiatzaren 10ean Saran; maiatzaren 17an Gasteizen; maiatzaren 24an Leitzan; eta maiatzaren 25ean Zornotzan. Sailkatutako kirolari guztiak bilduko dituen Euskal Herri osoko jaialdiari dagokionez, oraindik ez dute data zehatza ematerik izan.Maiatzaren 9a baino lehen Xiba euskal joko eta jolasen topaketan izena ematen duten Nafarroako taldeak, beraz, maiatzaren 24an lehiatuko dira Leitzan, goizeko 11:00etatik aurrera. Antolakuntzatik adierazi dutenez izena ematea zabalik dago, maiatzaren 9ra arte. Horretarako 688 651 989 telefonora (Jon) edo jrovira@ehik.ikastola.net posta elektronikora jo behar da. Topaketa bukatu eta gero Leitzan bazkari herrikoia izanen dela iragarri dute.12 pertsonaz osatutako taldeak behar dira, 16 urtetik goragoko 6 neska eta 6 mutilez osatutakoak, gutxienez. 14 probei egin beharko diete aurre: xiba, harri jasotzea, dantza (fandango bat eta arin-arin bat), lastoa altxatzea, ingudea, lokotxak, txingak, birlak, zakua eramatea, trontza, toka, sokatira, giza proba edo zama garraioa eta musa.Antolakuntzatik adierazi dute jaialdietan parte hartzeko ez dela gaitasun fisiko berezirik behar, edonork har dezakeela parte. Bestalde, jaialdietan sortzen den giroa primerakoa dela nabarmendu zuten.