Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean Atxik! ekimena aurkeztu zuten Altsasun. Ekimenaren berri Unai Amenabar arraunlariak, Juan Carlos Etxeberria Etxebe Pilota Federazioko kideak, Naiara Etxebarria trontzalariak eta Xiba elkarteko Igor Igerategik eta Ellande Alfarok eman zuten. Ikusleen artean Iñaki Perurena harri jasotzailea eta beste hainbat kirolari izan ziren.Atxik! ekimenak euskal kirol eta jokoen gainean hausnarketa sakona egin nahi du, euskal kirolen etorkizun "osasuntsua" ziurtatzeko. Prentsaurrekoan azaldu zutenez, "euskal joko asko desagertzeko arriskuan daude, eta horren aurrean zer edo zer egin behar zela ikusita" aipatu prozesua abian jartzea erabaki zuten.Izan ere, Atxik! ekimenaren helburu nagusia Euskal Herriko kirol eta jokoen oinarri batzuk finkatzea da, eta hori lortzeko "ahalik eta ikuspuntu eta bizipen gehien" jaso nahi dira. Ekimenaren bulkatzaileek gaineratu zuten prozesuaren izaera irekia izango dela eta Euskal Herriko zazpi lurraldeei begira garatuko dela. Finean, "guztiok lekua izango dugun gogoeta kolektibo" bat egin nahi dute.Horrela, ondoko gaien inguruan hausnarketa sakona egiteko asmoa iragarri zuten: euskal kirol eta jokoen sustapena, ikerketa, prestakuntza (epaileak, kirolariak, jokalariak, federazioak...), esku-hartzea, komunikazioaren aldetik jarraitu beharreko estrategia, harremanak, koordinazioa, diziplina, etika eta abar. Hausnarketa honetan herri kiroletako eragile guztiei parte hartzeko gonbita luzatu zieten.Urte betean bost urratsProzesuak urtebete iraungo duela azaldu zuten, bost fasetan banatuta. Abian dagoen lehen urratsean talde eragilea osatuko da. Bigarrenik, maiatza hasieran, oinarrizko txosten bat idatzia izan nahi dute. Hirugarrenik, maiatza eta ekaina bitartean, ekarpenak egiteko aukera emango dute. Laugarrenik, irailean, urrian eta azaroan, eztabaidatzeko aukera izango da. Eta azkenik, abenduan, jasotako guztia txosten batean bilduko dute. "Ondoren eragileen txanda izango da, ondorioak bere egin eta herri kirolek etorkizun osasuntsua ziurtatzeko zein urrats hartu behar diren planifikatzeko ordua izango baita" azpimarratu zuten, abian dagoen prozesuan parte hartzeko gonbita eginez.