Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko larunbatean Dantzaleku-Sakana klubak izen berarekin sortu berri den mendi lasterketako taldea aurkeztu zuen Altsasuko Dantzaleku paraje ederrean. 14 sakandarrek osatzen dute Dantzaleku-Sakana mendi lasterketa taldea, modalitate honetako lasterketetan -Zegama-Aizkorri lasterketa entzutetsua, Izabako Camile Extreme, Lakuntza-Aralar, Olazti-Urbasa eta beste hainbat - esperientzia handikoak guztiak.Sortu berri den taldearen arduradunak Jose Antonio Salgado eta Julian Otaegi altsasuarrak dira. Salgado oso ezaguna da alor honetan. 48 urte dauzka eta mendi lasterketetan primerako emaitzak lortu ditu. Esaterako, 2005eko Espainiako Mendi Lasterketen Kopa irabazi zuen beteranoetan, beste hamaika lasterketan garaipena lortzearekin batera. Bestalde, Jone Pelaez altsasuarra aipatu behar dugu, sortu berri den taldeko emakume bakarra. 44 urteko emakume hau sarritan egon da Euskadiko Mendi Lasterketen Txapelketa eta Kopako podioetan. Iaz lehendabizikoa sailkatu zen Euskadiko Kopan, baina ez zuten klasifikatu Nafarroan federatuta dagoelako. Beraiek dira Dantzaleku-Sakana mendi taldeko figurarik inportanteenak, Ander Unzurrunzaga etxarriarrarekin eta gainontzeko kideekin batera. Iaz lan ederra egin zuen etxarriarrak, Zegama-Aizkorriko 14. eta Lakuntza-Aralarreko 14. postuak eta Olazti-Urbasako 6. postua (beterano onena), tartean.14 taldekideak Jose Antonio Salgado (Altsasu), Julian Otaegi (Altsasu), Jone Pelaez (Altsasu), Ander Unzurrunzaga (Etxarri Aranatz), Aitor Begiristain (Altsasu), Fermin Gabirondo (Olazti), Santi Galarza (Iturmendi), Juan Luis Maiza (Etxarri Aranatz), Jesus Mari Goena (Etxarri Aranatz), Jose Martin Lizarraga (Altsasu), Pello Iglesias (Altsasu), Mikel Goikoetxea (Altsasu), Pello Goikoetxea (Urdiain) eta Damian Andueza (Urdiain).Aurten Euskadiko mendi lasterketen egutegiko probetan eta ekainaren 22an Soriako Olvegan jokatuko den Espainiako txapelketan parte hartzeko asmoa dute, Sakanako probekin batera (Lakuntza-Aralar lasterketa ekainaren 15ean jokatuko da, eta Olazti-Urbasa irailean, Euskadiko Koparako puntuagarria izango dena).Asetzen duen kirola Jone Pelaezek azaldu digunez, mendi taldea sortu duten ia kide gehienak Dantzaleku-Sakana klubeko kideak ziren. "Orain arte nor bere kabuz aritu gara. Guztien artean taldea osatzearen beharra ikusita, Dantzaleku-Sakana mendi taldea sortu dugu". Hemendik aurrera guztiak klubaren jantziarekin lehiatuko dira eta talde bezala lehiatzeko aukera izanen dute.Pelaezek gaineratzen du taldea sortzean mendi lasterketak berak irabazten duela. "Horrela kirol honetan interesa dutenek badute nora jo". Atletismoa eta mendi lasterketen arteko ezberdintasunez galdetuta, Jone Pelaezek dio hasiera batean prestakuntzarako sakrifizio gehiago eskatzen duela mendi lasterketak. "Mendian ibili behar zara entrenatzen eta dedikazio gehiago eskatzen du, baina niri sanoago iruditzen zait. Erritmo zeharo ezberdinak dira. 10 kilometroko lasterketetan topera atera behar zara eta zapatzeko era ere ezberdina da. Mendi lasterketak luzeagoak dira, baina erritmoa mantsoagoa. Naturaz eta paraje ederrez gozatzeko aukera duzu eta korrikalariekin harremanak egiten dituzu. Asko asetzen nau eta asko disfrutatzen dut" dio Pelaezek. Kirol hau praktikatzeko Sakana gune pribilegiatua dela nabarmentzen du Altsasuko korrikalariak.Federazio eta puntuazio kontuak Nolanahi ere, korrikalariek buruhauste latza dute federazioen kontura. Orain arte Nafarroan federatuta zeudenak Euskadiko probatan lehiatzen ziren eta txapelketa hauetarako puntuatzen zuten. Baina iaz, txapelketan parte hartu eta azkenean ez zuten puntuatu, nafarrak zirela argudiatuta. "Hau ez dago ulertzerik. Euskadiko Kopa edo Txapelketen barruan Nafarroan egiten diren lasterketak daude. Esaterako, 2005ean Lakuntzako lasterketa Euskadiko Koparako baliagarria zen, eta aurten Olazti-Urbasa lasterketa Euskadiko Koparako baliagarria izango da. Eta bestalde, orain korrikalari nafarrei ez digute Euskadiko Kopa edo Txapelketan puntuatzen, Valentzia edo Madrilekoak bagina bezala. Ez dakigu federazioen arteko kontua den edo goitik, alor politikotik datorren kontua, baina kirolari moduan kaltetu gaituzte" azpimarratzen du Jone Pelaez korrikalariak.