Amillano lehian, Rodriguez I.aren kontra

Guaixe 2008ko martxoaren 14a

Binakako Urrezko Aizkolarien Txapelketa despeditu berria denean, asteburuan abiatuko da Banakakoa, Egur Sport enpresak antolatuta. Guztira 36 aizkolari ariko dira lehian elite mailan, tartean bi sakandar: David Amillano altsasuarra eta Floren Nazabal etxarriarra. Bestalde, aipatu txapelketa 23 urtez azpiko eta 18 urtez azpiko kategorietan ere jokatuko da. Ildo honetan, 23 urtez azpiko txapelketan Ibai Gorriti uhartearra ariko da. Bere anaia, Iker Gorriti, baja da, lepauztaian haustura baitu.Elite mailan, Amillano lanera Elite mailako Banakako Urrezko Txapelketa kanporaketa eran jokatuko da, eta final laurdenak bitartean ligaxkan ariko dira aizkolariak, eskailera moduan aurrera eginez. Kanporaketa hauetan 32 aizkolari lehiatuko dira eta horietatik soilik bik lortuko dute final laurdenetako ligaxkan sartzea. Izan ere, Nazabal, Arrospide, Olasagasti eta Larretxea final laurdenetarako zuzenean sailkatuta baitaude. Ildo horretan, adituek Nazabal jotzen dute txapela janzteko faborito nagusitzat, baina ez da ahaztu behar Donato Larretxea, Joxemari Olasagasti eta Anjel Arrospide ere sasoi onean daudela. Beraz, txapelketa zabal-zabalik dago.Amillano igandean bertan lehiatuko da lehen kanporaketan, Rodriguez I.a izango du aurkari, Beran antolatutako jaialdian. Aizkolariek lan ezberdinak egin beharko dituzte, eta guztia denbora tarterik laburrenean bukatzen duenak eginen du aurrera txapelketan. Zehazki, ondoko lanei egin beharko diete aurre: erlojuz kontra 45 ontzakoa moztea, 45 ontzako enborra zutik moztea, eta kana erdiko bi enbor moztea. Ea altsasuarrak aurrera egitea lortzen duen.