Ibarretik ibarrera AHT-ren balizko ibilbidean barna

Guaixe 2008ko martxoaren 14a

Bi herri horien artean abiadura handiko trenaren (AHT) balizko ibilbidea bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen dute martxan parte hartzen dutenek. Aldi berean, "Sakana eta Goierriko herri eta haran kaltetuetan AHT-ren Nafarroako korridoreak euskal Y-arekin izanen lukeen lotuneak eraginen lituzkeen ondorio larriak salatu" nahi dituzte, baita "abiadura handiko trenaren aurkako jarrera zabaltzen jarraitu" ere.SalaketakSakanako AHT gelditu! Elkarlanak "gizarte mailan hainbeste eztabaida piztu duen proiektua inposatzeari uzteko eskatzen die gobernuei, alde batera utziz orain arte mantenduriko jarrera prepotentea". Sakanako AHT gelditu! Elkarlanak kritikatu egin du "boterean dagoen klase politiko guztiak bat egin" izana, "AHT inposatzeko eta makro-azpiegitura horren eraikuntzak dakarkien negozio itzela banatzeko".AHT-ren bi ibilbideen lotura-guneari buruzko eta egitasmoaren beraren inguruko informazio eza salatu dute biharko martxaren antolatzaileek. Bestalde, ohartarazi dute "Sustapen Ministerioa Otzaurteko mendatetik pasatzen den gaur egungo trenbidearen birmoldaketa gogorra aztertzen ari daitekeela, AHT-k gaitasun eskasa baitu merkantzia-garraioa egiteko". Sakanako AHT gelditu! Elkarlanaren ustea da abiadura handiko trena bide batetik joanen litzatekeela eta merkantzia garraioa bestetik. Azken horrek, besteak beste, Altsasuko tren geltokiko merkantzia-garraioari emanen lioke zerbitzua elkarlanekoen arabera. IbilaldiaMartxistendako bihar 10:00etan jarri dute hitzordua Altsasuko udaletxe aurreko aldean. Han ordu erdiko kontzentrazioa egiteko asmoa dute eta ondoren Idiazabal aldera abiatzeko asmoa dute. Aurretik 6 orduko ibilbidea izanen dute. Bidean geldialdi "informatiboak" eginen dituzte Aitzkaia, Balankaleku, Atxurbi eta Urbaundi mendietan "Ezkio-Itsasoko lotuneak, azkenaldian gehien aipatzen dituzten alternatibak, kalteturiko lurraldearen gainean ikusmira zabala eskaintzen baitute". Ibiltariek beren ibilia 18:30ean despedituko dute Idiazabalen. Bukaera-ekitaldian bertsolariak, musika eta afari-merienda izanen dira. Antolakuntzak autobusez buelta emateko aukera eman du, horretarako aurretik izena eman behar da. Informazio gehiago nahi duenak Sakanako AHT gelditu! Elkarlanak duen blog-ean jaso dezake.