Indurain Fundazioko bekak eman dituzte

Guaixe 2008ko martxoaren 14a

Urtero moduan, Indurain Fundazioak gorenean dabiltzan kirolariei bekak eman dizkio. Ekitaldia martxoaren 13an izan zen, Iruña Park hotelean, eta fundazioko buru Migel Indurainez gain, Isabel Garcia Malo kontseilaria eta Nafarroako Kirol Institutuko buru Jose Javier Esparza izan ziren ekitaldian. Guztira 296.451 euro banatu zituzten, lau sailetan: programa olinpikoa, kirol olinpikoak, kirol ez olinpikoak, eta teknikariei emandako laguntzak. Guztira 166 kirolari eta entrenatzailek jaso zituzten sariak, 109 gizonezkok eta 57 emakumezkok. Laguntza gehien jaso duen kirola atletismoa izan da (65.850 euro), bigarrena txirrindularitza (37.900) eta hirugarrena judoa (31.350 euro).Laguntza jaso duten sakandarrakLaguntza jaso dutenen artean badaude kirolari sakandarrak ere. Programa olinpiko sailaren barruan, Altsasuko Hodei Mazkiaran txirrindulari altsasuarrak 6.000 euroko laguntza jaso du "laguntza aurreolinpikoa" programaren barruan. Laguntza paralinpikoa sailean, Etxarrengo Gorka Santestebanek 1.050 euro jaso ditu bocciako jokalari Santiago Pesquera entrenatu eta laguntzeagatik.Kirol olinpikoen sailean, neguko kiroletan, Beñat Agirre eskiatzaile altsasuarrak 1.200 euroko laguntza jaso du. Agirre free style modalitatean aritzen da, eta Espainiako Txapelketan lehena izan zen gazte mailako "bache" delako modalitatean.Kirol ez olinpikoen sailean, taekwondoan aritzen den Jon Monreal altsasuarrak 800 euroko laguntza jaso du (Mundialetan zazpigarrena izan zen, Elizalde eta Cabezarekin batera hiruko teknika mailan), eta Hiriberriko Jose Luis Iriarte arku jaurtitzaileak 600 euroko beka lortu du (Mundialetan 9.a izan zen long-bow modalitatean).Teknikoei emandako laguntzen artean, Altsasuko Bargagain Taekwondo Taldeko Antonio Martinez Munch irakasleak 300 euroko beka jaso du, Jon Monreal entrenatzeagatik.