Motorren orroa Sakanan

Guaixe 2008ko apirilaren 4a

Basati 4x4 klubeko kideak buru belarri lanean dabiltza asteburuko topaketa prestatzen. Aurtengoa VI. edizioa da, eta Sakana Basati 4x4 izendatu dute. "Duela 8 urte Etxarri eta Arbizuko zaletuek sortu genuen taldea, baina orain Sakanako herri askotako jendea biltzen gara. Hortaz, Sakana Basati 4x4 izena jarri diogu topaketari" dio taldeko kide Goizeder Beltza Igoak. Topaketa apirilaren 5ean, larunbat arratsaldean ¬-15:30etik aurrera- eta apirilaren 6an, igande goizean -10:00etatik aurrera- jokatuko da, Arbizuko Utzubar industria gunean. Bi txanpa horiek kontuan hartuta erabakiko da sailkapena. Baina larunbat gauean, 23:00etan, gaueko proba antolatu dute. Honek ez du topaketarako puntuatzen, baina proba berezia da, erlaxatuagoa, gidariek gehiago disfrutatzeari begira antolatua.Sakanan auto zaletasuna nabarmena dela ezin da ukatu: iaz 3.000 zale inguru bildu ziren aipatu topaketan, Sakanatik, Euskal Herritik eta Espainiar Estatuko beste zenbait herrialdetatik etorritakoak. Antolatzaileek aurten ere jende hori guztia hartzeko azpiegitura prestatu dute.Zirkuitu berria Orain arte 4x4 topaketa Arbizuko Utzubar industrialdean egiten zen, baina poligonoa handitzeko eremu horretan egiten ari diren obrak direla eta, aurten Utzubar industrialdean eginen da topaketa, baina Etxarri eta Arbizu arteko errepideaz bestaldeko eremuan. Hala ere, zaletuei Utzubar industrialdean aparkatzeko eskaria luzatu diete Basati 4x4 taldekoek, errepidean ezin baita aparkatu. Eremu berria txikiagoa denez, 50 gidaritara mugatu behar izan dute proba - orain arte 60 ziren partehartzaileak-. Nolanahi ere, zirkuitu berria ikusgarria izango dela adierazi dute. "Bezperan sartuko dugu pala, eta bost zona prestatuko ditugu. Palaren lana zailena da, ondo jakin behar baita lurra noiz eta nola markatu. Zulo handiegiak egiten baditugu jendeak ez du gozatzen eta suabeak badira, gauza bera. Neurria hartu behar da, eta hori da konplikatuena" nabarmentzen du Goizeder Beltzak. Eguraldiak ere badu eragina. "Eguraldi onarekin jende gehiago etortzen da, baina euria egiten badu akaso proba ikusgarriagoa izaten da" gaineratzen du etxarriarrak.Euri asko egin du azkenaldian eta primerako zirkuitua prestatzeko lohia badago. Larunbatean, prestatutako 5 guneetatik pasa beharko dira gidariak norabide jakin batean; igandean, aldiz, kontrako norabidetik gainditu beharko dute zirkuitua. Zuloen sakontasuna eta lohia izanen dituzte aurrez aurre, ikusleen zoramenerako. Denbora onena egiten duena izango da irabazlea.Topaketa preziatua Sakanako topaketa oso preziatua da zaleendako. Euskal Herri mailako onenetakoa da, ibilgailu asko hartzen dituelako eta bi egun segidan delako. "Gainontzekoak egun batekoak izaten dira, eta horregatik gurea oso estimatua da. Lan handia da holako tamainako txapelketa bat antolatzea, baina gustura egiten dugu eta pozgarria da hainbeste jende gurean ikustea" dio Goizederrek. Gidariek, zer esanik ez, asko estimatzen dute. Aspaldi eman zuten izena 50 gidarik. Euskal Herritik, Burgostik, Errioxatik, Santanderretik eta Zaragozatik datoz, eta aurten bi sakandar ariko dira lehian. "Sakanako 4x4 gidari gehienei lan egitea tokatzen zaigu topaketetan; guk gainontzeko probatan parte hartzen dugu" gaineratzen du Goizederrek.Proba egunetan Basati 4x4 taldeko 25 bat kide ariko dira lanean, dena behar bezala ateratzeko: sarreran egon, zonatan banderekin egon, epaile lanak egin, muntatzen duten txoznan lan egin, zirkuitua prestatu, traktoreekin zuloetan trabatuta geratu diren gidariak atera... denetatik.Sariak Topaketako irabazleak lau gurpil eta kopa jasoko ditu, bigarrenak kopa eta dirua, eta hirugarrenak kopa eta dirua. Laugarren postutik zortzigarrenera bitartekoek 4x4ak hornitzeko olioa eta lan tresnen kutxak jasoko dituzte, besteak beste. Aurten gaueko proban sariak jasoko dituzte lehen hiru sailkatuek. Gaueko onenak lau gurpil jasoko ditu, eta gainontzekoek trofeoak, olioa eta abar. Bestalde, sari bereziak izanen dira: gidari eroenaren saria, talde jendetsuena, auto zaharrena eta beste batzuk.Iaz Aretxabaletako Andoni Arenaza izan zen irabazlea, eta aurtengoa asteburuan erabakiko da. Antolakuntzak guztia prest dauka eta orain motorren burrunbaren txanda da.