Mankomunitateak Garapen Batzordea izanen du

Guaixe 2008ko apirilaren 1a

Migel Angel Zubiriak, mankomunitateko lehendakariak, azaldu zuenez "turismoaz gain, ibarreko garapena landuko duen batzorde baten premia ikusi da eta, horregatik, sortu nahi da Garapen Batzordea". Mankomunitateak prestatutako araudiaren zirriborroan jasotzen denez, "eskualdeko garapen ekintzak koordinatu eta planifikatuko" lituzke batzorde horrek. FuntzioakAraudiaren zirriborroan jasotzen denez "garapenean zuzeneko edo zeharkako inplikazioa duten eragile ezberdinen parte-hartze foroa" izanen litzateke. Horrekin batera, "ibarreko arazoak zuzendu eta potentzialtasuna indartzeko jarduerak planifikatu eta sustatzea". Gainera, batzordearen egitekoa izanen litzateke "enplegua sortzeko jarduerak sustatzea, batez ere langabeziak gehien jotzen dituen sektoreei zuzenduta". Azkenik, "Nafarroako Gobernua ibarrak dituen arazoez sentsibilizatzea" ere izanen litzateke batzorde horren egitekoa. EkarpenakSakanako Mankomunitateko gainontzeko batzordeen modura udalen ekarpenekin finantzatuko litzateke Garapen Batzordea. Hala ere, bada ezberdintasun bat: garapen planak aurrera eramateko udalek egin beharreko ekarpena, hain zuzen ere. Zirriborroan jasotzen denez, "jarduera zehatz bat aurrera eramateko udalen %80ak onartu behar dute. Udal horiek ibarreko populazioaren %80 ordezkatu behar dute eta udalak behartuta egonen dira ekarpenak egitera". Baina zirriborroan ere jasotzen da "edozein jarduera udalendako derrigorrezkoa izateko 1.000 biztanle baino gutxiago duten herrien %80ak onartua izan beharko duela".Jardueraren batek eskatutako babes hori lortzen ez badu ere, udal interesatuek jarduera hori aurrera eramateko modua ere aurreikusten du Garapen Batzordearen araudiaren zirriborroak. Hala gertatuz gero, jarduera aurrera eramateko gastuak baiezkoa eman duten udalek ordaindu beharko lukete, duten populazioaren arabera. Bestela, egitasmoa berraztertzeko aukera izanen lukete, baina gastuak alde bozkatu duten udalen bizkar leudeke.IritziakEAE-ANVk adierazi zuen "batzorde hori ezer ez baino hobea, baino partzuergoa baino txarragoa da". Ekintzaileek partzuergoak aurrera egiteko izan zuen "metodologia hobea" izan zela nabarmendu zuten eta salatu zuten partzuergoa "martxan ikusi gabe bertan behera" utzi izana. EAE-ANVk kontrako botoa eman zuen, baina alegazioen epean "ekarpenak egiteko" asmoa aurreratu zuen. Arruazuko Udaleko ordezkariak, bestalde, azaldu zuen Arruazuk Turismo Batzordean sartzeko erabakia hartua zuela, baina proposatu zen batzordearen izaera aldaketa udalak aztertu beharra zuela. Hala ere, nabarmendu nahi izan zuen Arruazuko Udalak "aparteko garrantzia" ematen diola eragileen boto eskubideari. Garapen Batzordearen aldeko 16 boz (NaBai, PSN eta IUN), kontrako 8 (EAE-ANV) eta 2 abstentzio (Arakil eta Arruazuko Udalak) izan ziren.