Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurkeztutako alegazio gehienak euskalgintzaren eta eragileen boto eskubideari eta parte-hartzeari, batzordearen lan hizkuntzari buruzkoak ziren batez ere. Bileren maiztasuna ere hizpide izan zen alegazio batzuetan eta hileko maiztasuna eskatu zuten. Esan bezala, alegazioek ez zuten aurrera egin eta araudia bere horretan onartu zen. AraudiaBehin betiko onartu den Euskara Batzordearen araudi berriarekin mankomunitateko buruek lortu nahi dute "Sakanako udaletan, mankomunitatean eta haien menpeko erakundeetan euskara funtzionamendu eta zerbitzu hizkuntza izan dadin". Horregatik, Euskara Batzordearen jardunean "udalek lehentasuna izanen dute, haiek baitira herritarrekin harreman zuzen eta jarraitua dutenak. Gainera, horiek dira, neurri handi batean, mankomunitatearen sostengu eta baliabidez hornitzen dutenak".Araudi berriak boto sistema berria ekarriko du, batzar nagusiko sistema berarekin. Osaketari dagokionez, udalez gain ibarreko eskualde bakoitzeko ikastetxe banak, euskaltegien ordezkari batek eta ibarreko euskalgintzako 3 ordezkarik izanen dute parte hartzeko aukera, baina ez boto eskubidea. Horretaz gain, teknikariak eskualde-buruetan lan egitea aurreikusten du. ArrazoiakAstelehenean Euskara Batzordeko buru Jonjo Agirrek adierazi zuen: "araua ez da katezismoa, lan tresna bat da eta malgutasunez jokatuko da. Etorkizunean egoki joz gero aldaketak egitearen aldekoak gara". Alegazioen kontra egiteko arrazoiak honakoak izan ziren: "parte-hartzeari dagokionez, batzorde bat da eta ez asanblada bat, bestela ez litzateke bideragarria izanen". Batzordeburuak argudiatu zuen "hizkuntza politikak ez dio bakarrik euskalgintzari eta hemen gauden zinegotziei eragiten, jendarte guztiari baizik". Beste gizarte esparru batzuk ordezkatuak izatearen "garrantzia" azpimarratu zuen, "bestela euskalgintzako zenbait sektoreren proposamenen eta gizartearen arteko dibortzioa eman liteke". Ordezkaritzari dagokionez, "bizpahiru kideko kolektibo batek zinegotzi batek adina boto izatea" ez zuen egoki ikusi. Eta azpimarratu zuen batzordea "kontsultiboa" zela. Batzordearen lan hizkuntza euskara izaten jarraitzeko eskatzen zuten alegazioek, baina batzorde buruak esan zuenez, "Sakanako errealitate soziolinguistikoari ez zioten erantzuten, zenbait herritan elebidun kopurua txikia delako eta araudi berriarekin herri horietako zinegotzien parte-hartzea erraztuko da". Irurtzungo alkateak, bestalde, nabarmendu zuen gaur egun euskara batzordeak "ez diela udalei zerbitzurik ematen". KritikakEAE-ANV araudi aldaketarekin ez zen ados agertu eta bertan behera uzteko eskatu zuten. "Zerbait egitekotan, zegoen araudiari aldaketak egitearen alde" agertu ziren ekintzaileak. Araudi aldaketaren alde erakunde bakarra eta kontra Euskalgintza eta beste erakunde politiko batzuk kontra agertu zirela nabarmendu ondoren, Nafarroa Bairi "autismo politikoa" leporatu zion. Aldi berean, ekintzaileek salatu zuten "euskararen alde lan egin nahi dutenak baztertzen" dituela araudi berriak. EAE-ANVrendako "parte-hartzea sustatu nahi bada, lehenik eta behin parte hartu nahi dutenei ireki behar zaizkie ateak". Araudi berriak, aurrekoak ez bezala, parte-hartzea mugatzea gogor salatu zuten ekintzaileek. Batzordea "kontrolatzeko nahia" zegoela ere esan zuten ekintzaileek, "haren iritziaren kontra hartzen direlako erabakiak". Horretaz gain, batzordeko lan hizkuntza euskara izatea eskatu zuen. Ezker Batua ere araudi aldaketaren kontra azaldu zen. "Aurretik batzordean ahotsa eta botoa zuten erakundeek parte hartzearen alde" agertu zen IUN-NEB. Kritikatu zuen ez zela aurkeztu "aurtengo euskara plan adosturik" eta "garaiz ere ez zela aurkeztu". Ezker Batuak nabarmendu zuen "giro arraroa sortu da eta egoki kualifikatutako bi teknikarik postua utzi dute". Horren zergatiak azaltzea eskatu zuen. Lehendakariak esan zuenez, teknikariek ez zuten ezer aipatu joan zirenean eta ez zekiten zein ziren joateko arrazoiak. Azkenik, Jonjo Agirrek jakitera eman zuen teknikari berriak kontratatzeko prozesua martxan dagoela eta aurki lanean hasiko direla. Puntu horren eztabaida bukatu eta gero, EAE-ANVk batzordea une batez etetea eskatu zuen, "kanpoan zeudenak informatzeko". Euskal Herrian Euskaraz taldeak deituta hainbat pertsonak kontzentrazioa egin zuten mankomunitatearen eraikinaren kanpoko aldean. Zabaldu zuten pankartan "araudi murriztailerik, ez" irakur zitekeen.