Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hasi da Euskal Herriko Itzulia. Atzo izan zuen lehen eguna lasterketak eta talde apal nahiz garrantzitsuenek agerian utzi zuten gogo biziz iritsi direla Euskal Herriko Itzulira.Legazpin hasi eta amaitu zen 137 kilometroko lehen etapa. 14. kilometroan, lehen aldiz Deskarga igotzen ari zirela egin zuten ihes Egoi Martinez etxarriarrak eta Karpin Galicaiko Iban Maiozek. Tropelaren lasaitasuna lagun, tartea ireki zuten lehen bi txirrindulariek. Ongi moldatu ziren iheslariak, Maioz tarteko helmugetan aurrena eta etxarriarra mendikoetan lehena. Baina denborak aurrera egin ahala, lanean hasi ziren Astana, Caisse d´Epargne eta Silence-Lotto. Tropel nagusian, adi zeuden faboritoak eta iheslarien aldea txikitu zuten. Azkenean, 124. kilometroan harrapatu zituzten. Faborito guztiak buruan, batera iritsi ziren Deskarga hasierara. Astanaren erritmo biziak apurtu zuten taldea portuan. Azken kilometroetan, erakustaldia eskaini zuen Contadorrek, Mosquera iheslaria harrapatu eta atzean utzita.Ez du hutsik egin Astana taldeko liderrak. Bera da faborito nagusietakoa eta behar bezala hasi du itzulia, lehen postuan. Jorge Azanza, igandeko oinazeak gaindituta, 75. postuan sartu zen helmugara, 1:58ra; Egoi Martinez, 101.a da, 3:43ra; eta Jose Luis Arrieta, 111.a, 5:38ra. Atzoko ihesak mendiko sailkapeneko 1. postuan jarri du Etxarriko txirrindularia.Lepazpi eta Erandio arteko 153 kilometroko etapa dute gaur txirrindulariek. Ibilbide gorabeheratsuan, 1. mailako portu bat eta 3. mailako 4 portu gainditu beharko dituzte txirrindulariek.