Inoizko 4x4 topaketarik arrakastatsuena

Guaixe 2008ko apirilaren 9a

Basati 4x4 klubak antolatuta, VI. Sakana Basati 4x4 topaketa jokatu zen larunbat eta igandean Arbizuko Utzubar industri gunean. Orain arteko marka guztiak gainditu zituen topaketak: iaz 3.000 zaletu inguru bildu ziren larunbat arratsaldean proba jarraitzera, eta aurten gora egin du zenbakiak, asteburuko primerako eguraldiak lagunduta. "Larunbat arratsaldean 4.000 pertsona inguru izango ziren, eta larunbat gaueko proban 1.000 baino gehiago. Esan dezakegu larunbata eta igandea kontuan hartuz, guztira 7.000 pertsona pasatu zirela probatik, asko eta asko sakandarrak. Pentsa, jarritako tabernan hiru aldiz geratu ginen edaririk gabe!" dio Basati klubeko kide Jon Lakuntzak. Arbizuko industri guneko parkinga kotxez beteta zegoen, eta Arbizu eta Etxarri arteko errepideko ertzak ere. Foruzainak aritu ziren trafikoa bideratzen.Irabazleak, lan perfektua Sakanakoa proba oso estimatua da, bi egunetan burutzen delako eta prestatutako zirkuitua bikaina delako. Aurten 50 gidarira mugatu zuten partehartzea, Arbizuko industrialdea handitzeko lanak direla eta, industrialde bereko beste eremu batean egin behar izan zutelako proba, Arbizu eta Etxarri errepideko beste aldean hain zuzen, zirkuitu txikiagoan. Euskal Herritik, Burgosetik, Soriatik, Errioxatik, Cantabriatik, Zaragozatik... etorri ziren gidariak. Palarekin zuloz eta trabaz betetako 5 gune ikusgarri prestatu zituzten antolatzaileek, eta gidariek bost gune horiek gainditu behar zituzten, larunbatean norabide batean, eta igandean kontrakoan. "Proba hauetan garrantzitsuena ez da denbora laburrena egitea, baizik eta guneak penalizaziorik gabe gainditzea. Hau da, atzera-martxa eta bestelako maniobrak egiten badira, penalizazioak jartzen dizkiete gidariei, puntuak emanez, eta proba guztia burutu ondoren puntu gutxien dituena izaten da irabazlea" azaldu zigun Lakuntzak. Aipatzekoa da iaz Sakanako topaketa irabazi zuen Euskomotor taldeko Igor Goienetxe "Txaño" eskoriatzarra izan zela aurtengo probako erregea, 0 puntu izan baitzituen. "Proba guztian ez zuen penalizaziorik jaso; lan ikusgarria eta perfektua egin zuen" nabarmendu zuen Lakuntzak. Proban hiru sakandar aritu ziren: Irurtzungo bat, bakaikuar bat eta etxarriar bat. Etxarriarra ongi aritu zen larunbatean, hirugarren postuan sailkatuz, baina igandean autoak matxura izan eta proba utzi behar izan zuen. Gainontzekoak txukun aritu ziren. Zorionez, proban ez zen istripurik egon.Antolatzaileek ikusle batzuen jarrera kritikatu dute. "4x4en lana ahalik eta gertuen ikusteko zaletu asko prestatutako guneen barrura sartu ziren, barrerak gaindituz, eta une batzuetan jendea ezin kontrolatu ibili ginen. Baina, orohar, ikusleak ongi portatu ziren" adierazi zuen Jon Lakuntzak.Gaueko ikuskizun bikaina Topaketa antolatzen Basati klubeko kide eta laguntzaileen artean 25 lagun inguru aritu ziren lan eta lan: tabernan egon, epaile lanetan aritu, zonatan banderekin egon, zirkuitua prestatu... Izan ere halako tamainako proba antolatzeak lan handia eta esfortzu ekonomiko handia eskatzen du. "Probako egunean tabernan ateratzen dugunarekin probako gastuak estali (sariak, pala, aseguruak, traktoreak, alokatutako aparailuak...), Basati klubeko jantziak berritu eta bazkari eder bat egiten dugu" dio Jonek. Basatiko kideak gaineratu zuen larunbat gaueko proba ikustera ere jende asko animatu zela. "Proba honek ez du topaketarako puntuatzen, apartekoa da, gidariek lasaiago aritu eta disfrutatzeko. Erronka berezia da, argi gutxiagorekin 5 gune eta zulo berberei egin behar baitiete aurre. Auto gehienak trabatuta geratu eta traktorearekin atera behar izan genituen; Gangoiti, "Txaño" eta Aranburu izan ziren onenak" zioen.Aurtengo topaketaren balorazio ona egin du Basati 4x4 taldeak. Lan asko eginda eta poligonoa txukundu ondoren, atsedena hartzeko irrikitan daude. Hurrengo erronkez galdetuta, Arbizuko San Juanetan erakustaldia antolatu ohi dute, eta hala proposatuz gero, erakustaldiak egiteko prest izaten dira. "Orain guk ibilgailua hartu eta disfrutatzeko garaia heldu da, beste probetan korritzeko eta gustura aritzeko ordua" dio Jonek.VI. Sakana Basati 4x4 topaketako sailkapena 1. Igor Goienetxe "Txaño" (Euskomotor): 0 puntu. Saria: Trofeoa, 1.200 euro balio duten gurpilak eta erreminta elektrikoen kaxa.2. Andoni Gangoiti, (Ecolan): 110 puntu. Saria: Trofeoa, 200 euro eta erreminta kaxa.3. Ordoki: 275 puntu. Saria: Trofeoa, 100 euro eta erreminta kaxa.4. Jon Almandoz. 4X4 hornitzeko olioa eta bihurkin maletina.Gaueko probako sailkapena 1. Andoni Gangoiti: Trofeoa eta 800 euroko balioa duten gurpilak2. Igor Goienetxe "Txaño": Trofeoa, 200 euro eta erreminta kaxa.3. Ibon Aranburu: Trofeoa, 50 euro eta erreminta kaxa.Sari bereziak: Gidari eroenaren saria: Gernikako Lokatza Klubeko Kintana anaiak. Saria: erreminta kaxa eta trofeoa.Auto zaharrenari: Legazpiko Aitor Agirreren "Jeep Willis". 2. Mundu Gerran erabiltzen zen ibilgailua da hau, 37 urte izango dituena. Saria: zurezko kutxa, barruan erlojua duena.