Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Astelehenean Egoi izan bazen, atzo, Jose Luis Arrieta uhartearrak egin zuen ihes Iñigo Euskalteleko Landaluze, Caisse d´Epargneko Horrach eta Liquigaseko Mickael Albasinirekin batera. Legazpitik atzean utzi eta Udane jaisten ari zirela egin zuen ihes laukoteak. Iheslariek ia lau minutuko aldea lortu zuten, baina portuak gora eta behera, nekea handiz zihoaz eta atzetik, ziztu bizian zetorren tropela, Astana, Cofidis, Quick Step eta Bouygues Telecom buruan zirela. Ihesean 120 kilometro egin ondoren harrapatu zuen tropelak Arrietaren taldea.Azken kilometrotan faboritoen ihes saiakerak izan zuten protagonismoa. Evans lehenengo, Luis Leon Sanchez ondoren, Grivko, Astarloza... Baina Contador adi zegoen uneoro.Azkenean, esprintean amaitu zen Legazpi eta Erandio arteko 153 kilometroko etapa. Kim Kirchen izan zen helmugan sartzen lehena. 50.a izan zen Egoi Martinez eta 68.a Jorge Azanza, biak ere, 17 segundora. Jose Luis Arrieta 113.a izan zen, 3:11ra.Contadorrek jarraitzen du lider. 78. postuan, Jorge Azanza da lehen sakandarra, liderrarengandik 2:13ra. Egoi Martinez 91.a da, 3:58ra, eta Jose Luis Arrieta 115.a, 8:45era. Egoi Martinezek mendiko sailkapeneko lehen postuari eutsi zion eta, atzoko ihesari esker, sailkapen bereko 5. postuan jarri da Uharteko txirrindularia. Tarteko helmugetan, berriz, 3.a da Martinez eta 4.a Arrieta.Erandio eta Viana arteko 195 kilometroko etapa dute gaur txirrindulariek. Etapa gorabeheratsuan, 2. mailako hiru portu eta 3. mailako bat gainditu beharko dute.