Egoi Martinez mendiko sailkapeneko lider

Guaixe 2008ko apirilaren 10a

David Herrero nagusitu zen atzo esprintean, Euskal Itzuliko 3. etapan. Erandio eta Viana arteko 195 kilometrotan, ihes saiakera andana egin zituzten txirrindulariek, Egoi Martinez etxarriarrak horien artean. High Road taldeko Possoni eta Rabobankeko Martensena izan zen ihes arrakastatsua.Baina, asko dira Euskal Herriko itzulian garaipen bat nahi dutenak, eta, aurreko egunetan bezala, helmugara iristerako tropelak iheslariak harrapatu zituen. Helmuga gertu zutela saiakera berria egin zuen Egoik. Baina azkenean, David Herrerok jaso zuen saria.38. postuan sartu zen Egoi Martinez eta 66. postuan Jose Luis Arrieta, biak ere irabazlearen denbora berean. Jorge Azanza 107.a izan zen, 2:56ra. Sailkapen nagusian, Contadorrek jarraitzen du lehen postuan. Egoi Martinez da lehen sakandarra, 77. postuan, liderrarengandik 3:44ra. 82.a da Azanza, 4:55era eta 103.a da Arrieta, 9:00ra.Atzo ere mendiko puntuak hartu zituen Egoi Martinezek eta, beraz, mendiko sailkapenaren lider izaten jarraitzen du. Horrekin pozik egon arren, "etapa bat irabaztea du helburu". Baina badaki Euskal Herriko itzulian garaipenak garesti direla.Viana eta Gasteiz arteko 176 kilometroko etapa dute gaur. Bihar, etapa nagusia izanen dute jokoan eta larunbatean amaituko da itzulia.