Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ipar-mendebaldeko Nafarroako 24 udalek hitzarmena sinatu dute Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari Javier Caballerorekin, aipatu udalerrietan erregistro zibilak informatizatzeko, konexio online-a izan dezaten. Nafarroan 267 erregistro zibil daude eta erregistro horiek guztiak informatizatzeko akordioak sinatzen ari da Nafarroako Gobernuko kontseilari Caballero. Asteazkeneko Irurtzungo ekitaldian Sakanako 14 udalek sinatu zuten hitzarmena: Altsasuk, Arbizuk, Arruazuk, Bakaikuk, Ergoienak, Etxarri Aranatzek, Irañetak, Irurtzunek (Arakilgo erregistro zibila Irurtzungo Bake epaitegiaren gain dago), Iturmendik, Lakuntzak, Olaztik, Uharte Arakilek, Urdiainek eta Ziordiak. Sakanako udaletako alkate eta ordezkariez gain, Araitz, Arano, Areso, Basaburua, Betelu, Goizueta, Imotz, Larraun, Leitza eta Lekunberriko udal ordezkariek sinatu zuten hitzarmena. 2006ko maiatzaren 17an Espainiar Estatuko udal guztietako erregistro zibilak eta bake epaitegiak informatizatzeko erabakia hartu zen. Nafarroaren kasuan, hiru entitateen kolaborazioak ahalbideratuko du prozesua: Estatu Espainiarrak (Justizia, Herri Administrazio eta Industria Ministerioen eta Red.es entitate publikoaren bidez); Nafarroako Gobernuak (Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioarekin akordioa sinatu du); eta erregistro zibila duten udalak. Erregistro zibilak informatizatzeak onura nabarmenak ekarriko dituela nabarmendu zuen Caballero kontseilariak, eta eskerrak eman zizkien udalei, prozesuan inplikatu izanagatik. Nafarroako erregistroak informatizatzeko prozesuak 901.760 euroko kostua du. Nafarroako Gobernuak 541.056 euro jarriko ditu, eta gainontzekoa Estatu Espainiarreko Justizia Ministerioak eta Red.es entitate publikoak ordainduko du.Formazioa eta bitartekoakBehin akordioa sinatuta, udalerrietako erregistro zibilak informatizatzeko prozesua abiatuko da. Nafarroako Gobernuak ordenagailu bat eta inpresora bat jarriko du udalerri bakoitzaren eskuetan. Ordenagailuak besteak beste INFOREG programa izanen du, erregistro zibilerako prozesu guztiak egiteko erabiliko dena. Eta horrekin batera, erregistro zibilean lanean dauden langileei programa erabiltzeko formazioa eskainiko zaie. Udalen esku egonen da aipatu ordenagailuaren mantenua eta ADSL linea bidezko internet konexioa ezartzea. Erregistroa informatizatzearen abantailak Erregistro zibila online izateko INFOREG programa informatikoa erabiliko da. Justizia Administrazioaren Modernizazio zerbitzuko zuzendari Carolina Delgadok adierazi zuen erabiltzeko oso programa erraza dela, eta zerbitzu honek abantailak besterik ez dituela. "Hemendik aurrera erregistroko datuak (jaiotzak, ezkontzak, heriotzak...) modu informatizatuan jasoko dira, ordenagailuan. Erregistro berri bat sartzen denean, datu hori ez da herri bakoitzeko ordenagailuan gordeta geratuko, Madrilen dagoen datu base batean gordeko dira automatikoki Estatuko erregistro guztietako datu guztiak. Hortaz, herri bateko ordenagailua hondatzen bada ez da informazioa galduko, guztia Madrilen dagoelako". Gainera, Estatu Espainiarreko edozein erregistroko datuak edozein erregistrotik kontsultatu ahal izango dira, pertsonaren izena-abizenak teklatuz gero, eta edozein udalek izango du zertifikatuak momentuan emateko gaitasuna. "Madrilen jaio bazara ez zara bertara joan behar izango jaiotze zertifikatua eskatzera. Irurtzunen bertan egin ahal izango dizute" adierazi zuen Delgadok, sistema berriak desplazamenduak egitea saihestuko duela gaineratuz. Baina jakina, honetarako sistema Estatuko 7.700 erregistro zibiletan ezarri beharko da. Nafarroako erregistroetan hemendik aurrerako datu guztiak informatizatuko dira, eta Justizia Ministerioa izango da 1950. urtetik orain arte liburuetan jasoak zeuden datuak informatizatuko dituena. "Prozesu guztia noiz bukatuko den ez dakigu, baina urteak pasa ahala sistema honen baliagarritasuna argi ikusiko da. Gestioa hobetuko da, datu guztiak informatizatuak egonen dira, edozein tokitatik herritarrek eskatutako zertifikazioak emanen dira eta erregistroko informazio guztia azkar eskuratuko dute herritarrek eta datu horiek behar dituzten erakundeek, Estatistika Institutuak, NAN bulegoak eta bestek. Aurrera pausua handia da" azpimarratu zuen Delgadok. Euskaraz ere baiCaballerok adierazi zuen INFOREG programa euskarara itzultzen ari direla. "Aurki bukatuko da itzulpena eta orduan, programa informatikoa zabaltzerakoan erabiltzaileak euskara edo gaztelania aukeratu ahal izango du programa erabiltzeko. Erabiltzaileek ere euren zertifikatuak euskaraz eskatu ahal izango dituzte" azaldu zuen. "Nafarroako herrietako erregistro zibilak informatizatzen lehena edo aitzindaria izango da Nafarroa, aurten bukatuko baita herrialdeko 267 erregistroak informatizatzeko tramitea" nabarmendu zuen Caballero kontseilariak, prozesu honekin bizi diren tokian bizi direla nafar guztiek aukera berberak izango dituztela nabarmenduz eta euren ongizatean hobekuntza emanen dela gaineratuz.