Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapa zegoen jokoan, Vianan hasi eta Gasteizen bukatu zen 171 kilometrokoa. Highroad taldeko Kim Kirchenek irabazi zuen etapa, esprintean, azken unean bere taldekide Morris Possoni pasaz. Kirchenena ez zen akaso oso jokaera etikoa izan, hain zuzen ere bere taldekide Possoni, Amets Txurrukarekin eta Matthew Lloyd-ekin batera eguneko ihesaldiko protagonistak izan zirelako, eta hain juxtu helmugan bertan harrapatu zituztelako. Baina azken txanpan eta abiadura horietan oso zaila da egoera kontrolatzea, eta nor garaitzen duzun jakitea.Euskalteleko Egoi Martinez 41.a sartu zen, talde bereko Jorge Azanza 68.a, eta Ag2r-ko Jose Luis Arrieta 80.a, guztiak ere denbora berean.Euskal Herriko Itzuliko lidergoan sendoki jarraitzen du Astanako Alberto Contadorrek. Egoi Martinez 76.a da, 3:44ra, Jorge Azanza 79.a, 4:55era eta Jose Luis Arrieta 96.a, 9:00ra. Egoi Martinezek mendi maillotari eusten dio, 36 punturekin. Possoni dago bere atzean, 33 punturekin.Nolanahi ere gaurkoa da Itzuliko etapa nagusia, eta aldaketak eman daitezke. Gasteizen hasi eta Orion despedituko den etapan 4 mendate izanen dituzte korrikalariek: bigarren mailako Elosuako gaina eta Santa Ageda gaina; hirugarren mailako Alkizako gaina, eta bigarren mailako Aiako gaina, itzuliko aldaparik pikoenarekin: 1,8 kilometroko horma bat, baserri bide batean gora. Aldapa hori gaindituta, 13 kilometrora izango dute helmuga, aldapa behera, baina ordurako hanka zuztarrek sekulako berotua hartuko dute, txirrindulariek asko sufrituko baitute.Itzulia irabazteko asmoz erasoaldi gogorrak aurreikusten dira gaur, eta ikusi beharko da Contadorrek nola erantzungo duen eta Egoi Martinezek mendiko maillotari eusten dion. Zalantzarik gabe, gaur erabakiko da lasterketa. Bihar despedituko da itzulia, Orion hasi eta bukatuko den etaparekin.