Gobernuak aurreikusia zuen Urdiaingo industrialdea da 2012 planeko ibarrerako egitasmo bakarra

Guaixe 2008ko apirilaren 15a

Legegintzaldia despeditu bitartean eginen diren 90 azpiegitura baino gehiago adostu dituzte Nafarroako Gobernuak eta PSNk. Nafar guztioi zerbitzua emanen dizkigutenez aparte, Sakanan eginen den azpiegitura bakarra jasotzen du 2012 planak: Urdiaingo industrialdea. Plangintza horretako beste azpiegitura asko bezala, hori ere, aurretik iragarria zegoen. Hala, iazko abenduaren 17an egindako bileran, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilari Jose Maria Roig Aldasorok Urdiain eta Altsasuko alkateei adierazi zien "Gobernuak industrialde egitasmoa udaberrian onartzea aurreikusten" zuela. 2012 planak zehazten duen bakarra Urdiaingo industrialderako bideratuko den diru kopurua da: 17,37 milioi euro.