Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean hasiko da Nafarroako Goma Gaineko 4x4 Soka-Tira Txapelketa, Lesakako frontoian 18:00etatik aurrera antolatutako jaialdian. Emakumezkoen txapelketan 6 talde ariko dira: Beti Gazte, Berriozar A, Berriozar B, Txantrea, Amaiur eta Sakana. Talde bakoitzean lau tiralari ariko dira lanean, eta talde bakoitzak ezingo du 260 kilotik pasa. Hiru jardunaldi jokatuko dira, liga sisteman, eta aipatu hiru jardunaldietan puntu gehien lortzen duen taldea izango da garailea. Aipatzekoa da txapelketako bigarren jardunaldia Arbizuko kiroldegian jokatuko dela, apirilaren 26an, 17:00etatik aurrera. Hirugarren jardunaldia Errotxapeak hartuko du, maiatzaren 10ean.Sakana Sokatira taldeko entrenatzaile lanetan Nerea eta Belen Lizarraga ahizpak aritzen dira, Jokin Razkinek ardura utzi zuenetik. Nolanahi ere, beti laguntza emateko prest egoten da entrenatzaile ohi arbizuarra. "Tiralariak geundenez, Sakana sokatira taldeak aurrera jarraitu zuen, inertziaz. Guk hartu genuen entrenatzeko ardura, baina horretaz gain tiratzen ere aritzen gara" azaldu digu Nerea Lizarragak.Sakanako tiralariak Nereak aipatu digu lauko txapelketa honetan honako tiralariak ariko direla lanean: Aiora Barandiaran, Garazi Retegi, Aitziber Biurrun, Naiara Mundiñano eta Arantza. 4x4 izendapenak dioen moduan, talde bakoitzeko 4 tiralari ariko dira lehian, baina tiralari bat aldatu daitekeenez, aurrean aipatutako neska guztiak ariko dira goma gainean. Garazi izanen da atzean lanean ariko dena. "Bost tiralari hauetatik bi berriak dira taldean, aurten hasi dira entrenatzen. Beraz, taldea eraberrituta dago. Entrenatzen ongi dabiltza denak, baina txapelketa hasterakoan ikusiko dugu nola ariko diren. Izan ere jendearen aurrean lehiatzea, txapelketa izatea... horrek guztiak urduritasuna dakar, eta ikusiko dugu esperientzia faltak eragina duen ala ez" azpimarratu du Nereak. Nolanahi ere, taldea txukun aritzea espero du arbizuarrak.Nerea Lizarragak azaldu duenez, akaso errazagoa da launako taldeetan tiratzea zortzinakoetan edo seinakoetan baino. "Lau taldekide errazago eta azkarrago koordinatzen dira sei edo zortzi baino. Hobe komunikatzen dira. Horregatik akaso azkarragoak izaten dira launakako lehiak. Oso esplosiboa da, indar asko egiten da" dio arbizuarrak.Sakanako neskak astean Arbizuko kiroldegian astean hirutan lehiatzen dira, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, 19:45etik aurrera. Beroketak, luzapenak eta tiraketak egiten dituzte. Taldekideen ikasketak direla medio, nahikoa buruhauste izaten dituzte behar bezala entrenatzeko. Iazko txapelketan sakandarrak hirugarrenak izan ziren; ikusiko dugu aurten nolako maila ematen duten.