Ziordia sport rally taldearen aldeko jaialdia

Guaixe 2008ko apirilaren 17a

Espainiako Rally Txapelketan jokatuko den promozioko Suzuki Swift kopan parte hartzeko asmoa dute aurten Ziordia Sport taldeko Iban Lopez eta Javier Goikoetxea olaztiarrek. Lehena autoa gidatzen ariko da, eta bigarrena kopilotu lanetan.Azken urtetan Nafarroako eta Euskal Herriko txapelketetan lehiatu ondoren, erronka handia da Sakanako gazte hauek aurrean dutena. Baina ez kirol mailan soilik. Arlo ekonomikoan ere. Hori dela eta, antolatu dute gaurko, apirilaren 18rako, Olatzagutian, Eskufreno rock jaialdia.Egitaraua 21:30ean abiatuko da, Klinker jatetxean antolatu den afariarekin. Gainera, menu goxo-goxoa dute: patea, urdaiazpikoa, itsaski entsalada, bakailaoa, arkumea, postrea, kafea eta kopa, ardo bikainaz lagunduta. Ondoren, kontzertuak izanen dira Olaztiko Maixuenea gaztetxean. Lehenik eta behin Iturmendiko Las Devoras neskak igoko dira oholtzara, eta ondoren Stupenda Jones zuzenean ikusteko aukera izango da. Talde entzutetsu hau Sakanan zuzenean entzuteko aukera ez da aspaldi egon. Beraz, kontzertu erakargarria da Eskufreno rock-ek ekarriko duena. Bukatzeko, gau giroak aurrera jarraituko du Jo-DJ-ren emanaldiarekin.Iban Lopezek azaldu duenez, jaialdia antolatzeko Olaztiko Gazte Asanbladaren laguntza izan dute. Lehenik afarira eta gero kontzertura joan nahi dutenek 20 euroko txartela ordaindu beharko dute. Gaur bertan, ostiralean, txartelak erosteko aukera izanen da Klinker jatetxean.Auto berria, maiatzean Espainiako Rally Txapelketako Suzuko Swift kopa maiatzaren bukaeran hasiko da, baina Iban Lopez eta Javier Goikoetxeak autoa puntuan jartzeko ez dute asti askorik izango, oraindik ez baitiete prestatu. "16 pilotu lehiatuko gara kopan eta gu izan ginen izena azkenen eman genuenak. Hortaz, gure kotxea ere prestatzen azkena izango da. Probak hasi baino aste pasa lehentxeago emango digute eta orduan hasi beharko gara lanean. Ez da idealena, beste pilotuek lehenago jasoko baitute, baina zer eginen diogu!" dio aurtengo erronkarekin guztiz animatua dagoen Iban Lopez gidariak. Nolanahi ere, lehenago dirua biltzeko lanei ekinen diete, gaurko afari-jaialdia kasu.