Jakina denez, iaz Konfederazioak 131.000 euro eskatu zituen, ordura arte 49.000 euro ordaintzen zirenean. Arrazoia zen Sakanako Mankomunitatea eta Iruñerriko Mankomunitatea zirela urtegiaren erabiltzaileak. Baina Iruñerrira Itoizko ura eraman denetik Ziordiko uharkaren erabiltzaile bakarrak sakandarrak dira. Mankomunitateko Ur Zerbitzuan ibarreko udal guztiak daude, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu eta Etxarri Aranatz salbu. Konfederazioaren faktura horren zati handiena udalen bizkar izanen da.AsmoakEbroko Ur Konfederazioari ordaindu beharrekoa murrizteko Sakanako Mankomunitatea Arabako Lautadako udalekin eta diputazioarekin harremanetan jarri zen. Han duten ur premia Urdalurko uharkakoarekin ase litekeen aztertzen ari omen dira. Aurrekontuak, eskaera eta beste dituzte aztertzeko. Mahai gainean ere Zalduondo eta Galarreta artean eraiki litekeen Korrosparri uharka dute aztergai. Azken horrek iritzi kontrajarria sortu ditu. Gauzak horrela, Migel Angel Zubiriak esan digunez, oraindik ez dute erantzunik jaso. Bitartean, Migel Angel Zubiriak aurreratu digu "aurki ibarreko udalekin harremanetan jarriko" dela ur zerbitzuaz hitz egiteko. Gaur egun Mankomunitateko Ur Zerbitzuak ura altan eramaten du herrietara. Zerbitzuaren asmoa litzateke zikloa osatzea eta ur biltegietatik etxeetarainoko bajako zerbitzua ematea. Baita kobratzeak, mantenua eta beste. Bide batez, udalekin izanen diren hartu-emanetan herrietako ur azpiegituren berri eta dauden premiak ezagutzeko aukera izanen dute Ur Zerbitzuko ordezkariek.