Hauteskunde horiek ikastolek irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko egiten dituzten jardueren artean kokatzen dira. Tartean ere JUUL web orria dago. Bide batez, hauteskunde horien bitartez ikasleriak bozka prozesua ikasteko aukera du. Izan ere, aukeraketa egiteaz gain, hauteskunde mahaietan lehendakari, mahai-kide eta idazkari lanetan haiek aritzen baitira.Nafarroako 4.805 ikasle eta Euskal Herriko 14.500 dira asteazkeneko bozketan parte hartu zutenak. Boto emaileak sei mailatan banatu ziren. Ikastola sakandarretan honako liburuak aukeratu zituzten: A- Haur Hezkuntzan: Txanogorritxo, Hiru Txerrikumeak eta Katalin etxean laguntzen. 200 izan ziren emandako botoak. B- Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailan: Toto eta Otsoto (Antton Kazabon), Kamile ametsetan (Aline de Pétigny) eta Txantxon Pirata (Maria Ángels Bogunyà i Carulla). 99 boz jaso ziren. C- Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailan: Nik erremerre hitz egiten dut, eta zer? (Anjel Lertxundi), Xola eta basurdeak (Bernardo Atxaga), Kika supersorgina eta futbolerako griña (Knister), Kika supersorgina eta Kristobal kolonen abenturak (Knister), Niri ere futbola gustatzen zait, eta zer? (Andoni Egaña) eta Arranopola (Yak Rivais). 124 boz eman ziren. Haietako bat baliogabea izan zen eta 3 txuriak. D- Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan: Metro bateko letrak (Julen Gabiria), Bihotz ausarta (Joanes Urkixo) eta Landetaratuak (Jesus Maria Arrieta). Eman ziren 114 botoetatik 3 baliogabeak izan ziren eta bakarra zuria. E- DBH: Amodioaren gazi-gozoak (Aitor Arana), Atlas geografiko eta politikoa (Lurdes Ansa) eta Jara Bartzelonan (Jasone Osoro). 231 boz jaso ziren maila horretan. 17 baliogabe eta txuri bat zeuden tartean. I- Ilustratzaileak: Mikel Valverde, Asisko Urmeneta eta Birgit Rieger. 335 boto eman ziren maila horretan.