Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Mobilizazio eguna aurkeztu zuten egunean auzipetuek esan zuten "herri honetan, azken presoa etxean izan artean", amnistiaren aldeko mugimendua egonen dela. Auzipetuen esanetan, Auzitegi Nazionala "errepresioaren aurkako jarrera doa epaitzera, errepresioaren salaketa eta mobilizazio herritarra". Aldi berean, nabarmendu zuten "presoentzat dirua biltzea, sakabanaketaren amaiera eskatzea eta tortura eta jazarpena salatzea delitu dira demokrazia honetan". Gaurko mobilizazio eguna deitu dute "epaiketa salatu eta auzipetuei elkartasuna adierazteko". Mobilizazioek "Euskal Herriak Askatasuna behar du" leloa izanen dute. Deitzaileek aurreratu dutenez, eguerdian eta arratsaldean manifestazioak eta bilkurak eginen dira herrietan, ikastetxeetan eta lantokietan. Arbizun, Etxarri Aranatzen eta Altsasun, 20:00etan, manifestazioak deituta daude. Ezker Abertzaleak, Etxeratek eta Segik bat egin dute mobilizazio deiarekin eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.