Urrezko aizkolarien txapelketa, 23 urtez azpikoa

Guaixe 2008ko apirilaren 30a

Asteburuan Sakanako aizkora eskolako bi ikaslek debutatu zuten Urrezko aizkolarien txapelketan: Iñaki Vazquez Vazquez altsasuarra, "Sakana", eta Araban bizi den Arkaitz Jauregi beasaindarra."Sakana" larunbatean estreinatu zen txapelketan, Leitzan, aurkari ezagun baten kontra: Uharte Arakilgo Ibai Gorritiren kontra, hain zuzen. Gorritik esperientzia zuen bere alde eta adituek faborito jotzen zuten, baina altsasuarrak irabazi zuen lehia, alde nabariarekin gainera. Sakanak jokoan zeuden lau probak (45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu; erlojupean 45 ontzakoa zeinek lehenago erdibitu; 36 ontzako bat zutik moztu; eta 45 ontzako bat zutik eta beste bat etzanda ebaki eta bi kana erdiko erdibitu) irabazi zituen. Lan guztiak 13 minutu eta 52 segundotan despeditu zituen, eta Gorritik 17 minutu eta 8 segundotan.Sakanak egin zuen aurrera txapelketan eta astelehenean, Lazkaon, Sakana aizkora eskolako talde laguna zuen zain: Arkaitz Jauregi. Biek elkarren kontra neurtu zituzten indarrak, arestian aipatutako lau probak, hain zuzen, eta Lezen bizi den gipuzkoarra gailendu zen guztietan. Jauregiren marka 13 minutu eta 21 segundokoa izan zen, eta "Sakana"rena 17 minutu eta 21 segundokoa. Jauregik txapelketan aurrera jarraitzen du eta "Sakana" bidean gelditu da, itxura ona emanez.Asteburuko norgehiagokakAizkolariek ez dute atsedenik izanen zubian. Bihar, maiatzak 1, 23 urtez azpikoetan, Ibai Gorriti uhartearrak Sakanako eskolako Jauregi izanen du aurrez aurre, Arabako Estibalizen. Aurrera egiten duenak Mugertza III.a izanen du aurrez aurre, Idiazabalen, igandean, arratsaldeko 18:30ean hasiko den jaialdian.Nazabal, berehala lanera Elite mailako urrezko aizkolarien txapelketan final laurdenen ligaxka abiatu da dagoeneko. A multzoan Floren Nazabal, Arrospide eta Lopez lehiatuko dira. Lopez Vicente menderatzetik dator, eta Nazabal eta Arrospide berehala sartuko dira lehian, hasiera batean, maiatzaren 15ean. Hirurak elkarren kontra ariko dira, eta bi onenak sailkatuko dira final erdietarako. B multzoan Olasagasti eta Larretxea ariko direla gauza jakina zen, baina haiekin batera Rekondo edo Arria ariko dira. Rekondo eta Arriak asteburuan atzera ere elkarren kontra jokatu beharko dute, Idiazabalen, aurreko astean Leitzan berdindu baitzuten.