Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ordu baterako zutitu zuten pagoa etxarriarrek Harzabalen. Aurretik basozainak markatutako bi pagoetako bat aukeratu eta, txandaka, 5 aizkolariren artean bota zuten. Ondoren, nahi baino eramaile gutxiagorekin, pagaditik Harzabaleraino eraman zuten maiatza. Bidean 2 geldialdi egin zituzten etxarriarrek, maiatza bere zulora gerturatu arte. Maiatza ederki jaso zuten mendira hura ikustera propio igotako hainbat pertsonaren begiradapean. IturmendiAtzera ere, Julio Lopez de Zubiria Larrazaren esanetara jarri ziren herritarrak maiatza jasotzeko. 20 metro luze dituen pagoari muturrean 6 metroko luzera duen pinua lotu zioten iturmendiarrek. Hura jasotzeko 25 minutu behar izan zituzten eta tartean susto bat ere izan zen. Maiatza jasotzeko metalezko egiturez gain egurrezko eskailera bat ere erabili zuten iturmendiarrek. Hura hautsi zenean ezinegona sortu zen une batez, baina maiatza behar bezala zutitu zuten. Aurtengoan, pagoa altxatzeko lanetan El conquistador del fin del mundo telebista saioko parte-hartzaileak izan ziren, Susana Goikoetxeak gonbidatuta. Iturmendin, garai batean, hilaren 7an egiten zen maiatza, San Migel bezperan. Baina maiatzaren lehenera aldatu zen, hura festa egun izendatzean. 1966ra arte jaso zuten maiatza iturmendiarrek. Kaleak asfaltatzearekin batera utzi egin zioten ohiturari. Baina 1977an plazan egin ziren lan batzuk baliatu ziren metro eta erdiko sakonerako zuloa egin eta han maiatza sartu ahal izateko. BakaikuOstegunean bakaikuar batek baino gehiagok Etxarrin maiatza nola jartzen zen ikusten bukatu zuen, herrikoa domekara arte ez baitzen jaso. Lagun talde batek berreskuratu zuen Bakaikun maiatza jartzeko ohitura duela 31 bat urte. Haiena izan da orain arte maiatza jasotzeko ardura, eta ez dute udalarekin edo inolako alderdirekin loturarik nahi izan. Lagun taldea zen ardoa eta gazta erosi eta banatzen zuena. Ez zuten inolako laguntzarik nahi izan. Maiatza jasotzen zuen koadrilak ez du sekula zuhaitza mozteko baimenik eskatu, bakaikuarrek "eskuratutako eskubidea" delakoan. Mendia natur parke izendatzearekin gauzak zerbait aldatu ziren eta pagoa moztera joaten zirenean Foruzainak gainean izaten zituzten. Askotan isunekin mehatxatu omen zituzten, "baina orain arte ez da bat bera ere iritsi", dio taldekide batek. Aurten, dirudienez, udala taldeko kide batekin harremanetan jarri zen, baimena eskatu behar ote zen galdetzeko. Antza denez, baiezkoa edo erantzun omen zuen. Koadrilako gainontzeko kideek asteazkenean, 19:00etan, jakin zuten udalak baimena eskatu zuela eta batzuk haserretu egin ziren. Haien ustez maiatza jartzeko "ez da baimenik behar, eta udalak ez zuen esku hartu behar". Eta gehitu dute, "orain arteko eskubide bat galdu dugu". Horregatik ostegunean maiatza jartzera ez igotzea erabaki zuten eta horregatik ez zen maiatzik jarri. Gauzak horrela, hainbat bakaikuarrek domeka goizean Harzabaleko bidea hartu zuen maiatza jartzeko asmoz. Ez zuten zuhaitzik moztu eta iazko pago-enborra erabili zuten maiatza gisa. Lana 11:45erako egina zuten. ZiordiaAurten ez da maiatzarik jarri Ziordian. Pagoa plazan jasotzeko ohitura berreskuratu zenetik aurten 9 urte eginen ziren. Aurreko 8 urtetan aritu direnetako batek esan digunez "(udalak) ez digu utzi". Zinegotziren batek esan zien "gastu handia" zela eta "aurreztu beharra" zegoela. Maiatza igotzen aritu den ziordiarrak adierazi digu "hurrengo urterako geldituko" dela. Ziordiko Udaletik, bestalde, gogorarazi dute aurreko udal batek maiatzaren lehena festa eguna izendatu zuela eta "ez dugu hori kenduko. Baina arbola ez dugu emanen". Udaletik argudiatu dutenez, "udalaren asegurua eraikin publikoetarako da. Baina horretarako ez dago asegururik, eta arriskua larria da".