Andra Mari, haur mailan jaun eta jabe

Guaixe 2008ko maiatzaren 6a

Iruñeko Txantreako Ezkaba plazan igandean jokatu ziren Nafar Kirol Jolasen finalak, primerako eguraldiarekin eta giro paregabean. Sakanako taldeek txapelketa guztian barna maila polita eman dute, eta haur mailan (13-14 urte) egin dute lan onena. Izan ere, haur mailako proba konbinatuan (koxkolak bildu, txingak eraman, zakua eramate lasterketa, trontza eta korrika) eta sokatiran Andra Mari ikastola izan da talde onena.Haur mailako proba konbinatuko finalean lehiatu zen beste talde sakandarra, Sakana, laugarrena izan zen (8´46´´ 87), Andra Mari (8´18´´09), Txantrea (8´19´´05) eta Basaburuaren (8´26´´63) atzetik. Haur mailako sokatiran (480 kg) Andra Marik 4 puntu lortu zituen, Basaburuak 3, Txantreak 2 eta Igantzik 1.Kimuen mailako (11-12 urte) proba konbinatuen finala Berriozar A taldeak irabazi zuen (6´14´´05). Andra Mari ikastola sailkatu zen bigarren (6´37´´64), Basaburua hirugarren (6´44´´12) eta Ultzama izan zen laugarrena (6´49´´44).Azkenik, kadete mailako (15-16 urte) sokatira finalean (540 kg) Basaburua izan zen lehena, 4 punturekin. Haren atzetik sailkatu ziren Txantrea (3 puntu), Iñigo Haritza ikastola (2 puntu) eta Andra Mari ikastola (puntu bat). Aipatzekoa da kadete mailako proba konbinatuen finalerako ez zela talde sakandarrik sailkatu. Irabazlea Ultzama izan zen (9´28´´13).