Badator Gelditourra

Guaixe 2008ko maiatzaren 9a

AHT Gelditu! Elkarlanak informazio kanpaian garatzeko kamioi bat prestatu du. Kamioian bideo emanaldiak izanen dira, baita erakusketa ere. Aldi berean, informazio esku orriak banatuko dira "herritarrek zuzenean jaso dezaten instituzioak ezkutatzen ari diren informazio guztia". Izan ere, AHT Gelditu! Elkarlanarendako AHT egitasmoak, besteak beste, "ondorio ekologiko, ekonomiko, sozial eta kultural larriak eragingo lituzke". AHT Gelditu! Elkarlanak Gelditour ekimenaren bidez lortu nahi du "AHT-ren egitasmoaren nahiz eragingo lituzkeen kalteen inguruko informazioa lau haizetara zabaltzea". Horrekin batera, ekimen horrekin ere egitasmoarekin "oposizioa ikusarazi" nahi da. GELDITOUR informazio-ekimen erraldoia izango da. Bide batez, informazio kanpaina horren helburua ere bada "eragile nahiz sektore sozial ezberdinak AHT-ren aurkako borrokara eta herri eztabaidaren alde biltzea". Horrekin batera, "AHT-ren nahiz bere oinarrian den garraio, lurralde antolaketa eta gizarte ereduen inguruko herri eztabaida zabala abia dadila exijitzeko bitarteko" gisa ikusten dute antolatzaileek Gelditourra. SakanaAHT egitasmoaren kontrakoen informazio kanpaina Sakanara igandean iritsiko da, Irurtzunera, hain zuzen. 13:00etatik 17:30era izanen da Gelditourra Irurtzunen. Ondoren Arakil utzi eta Arbizura joanen da informazio karabana. Arbizun 18:00etatik 21:00etara izanen da, nahi duten guztiak hara hurbildu eta egitasmoaren berri jasotzeko. Geldituorra astelehenean ere Sakanan izanen da. Astelehenean kamioiak bere edukiak Etxarri Aranazko azokan izanen ditu ikusgai. Arratsaldez, berriz, Altsasun izanen da. Gelditourra gurera iristen dela eta, hainbat ekimen antolatu ditu Sakanako AHT Gelditu! Elkarlanak ibarrean.EkimenakTxirrindula martxaAbiadura handiko trenaren egitasmoa geldiarazteko deia ibar guztian barna zabaltzeko asmoarekin antolatu dute txirrindula martxa. 9:00etan abiatuko da Altsasuko Foruen plazatik eta Sakana guztia zeharkatu ondoren, Irurtzunen bukatuko da. Helmugan, 14:00etan, nahi duten guztiek herri bazkarian parte hartzeko aukera izanen dute. Ondoren, Oskar Estangarekin kantatzeko aukera izanen da. Gainera, txerrikume baten zozketatuko da. Martxan parte hartu nahi dutenek jakin dezatela 8:00etan Irurtzundik kamioi bat abiatuko dela eta Irurtzundik Etxarri Aranatzeraino, herriz herri, bizikletak jasoko dituela. Kamioiak 17:00ak aldera eginen du itzulia eta txirrindulak Uharte Arakil eta Altsasu bitarteko herrietan utziko ditu. Uharte Arakil Larunbatean AHTren aurkako eguna antolatu da Uharten. Goizean informazio gunea ikusgai izanen da. Bazkaria ere eginen da eta haren ondoren, AHTri buruzko eztabaida bat bideoan ikusteko aukera izanen dute bertaratzen direnek. ArbizuAHT egitasmoaren kontrako eguna izanen da larunbata. Goizean abiadura handiko trenaren egitasmoak ikutuko lituzkeen inguruak ezagutzeko aukera izanen da. Arratsaldean, berriz, plazan parodia eginen da. Etxarri AranatzOstiralean AHT egitasmoak zuzenki kaltetuak direnak bilera mintegia eginen dute kultur etxean.