Txapela bihar erabakiko da Errotxapean

Guaixe 2008ko maiatzaren 9a

Emakumezkoetan (260 kg) sei talde ari dira lehiatzen, eta oraindik ez dago ezer erabakita. Akaso aurten debutatu duen Amaiur taldea da faboritoa, orain arte jokatutako bi jardunaldietan irabazlea izan baita, baina Sakanako neskek lan txukuna egin dute, bigarren postuari eutsiz. Hortaz bereziki bi talde hauen arteko lehia bizi eta estua espero da biharko hirugarren eta azken jardunaldian. 17:00etan hasiko dira lehiak. Sailkapen orokorrean Amaiur lehena da, 12 punturekin. Sakanako neskak bigarrenak dira, 10 punturekin, eta Beti Gaztekoak hirugarrenak, 8 punturekin. Ondoren datoz Berriozar A (6 puntu), Txantrea (4 puntu) eta Berriozar B (2 puntu).Launako txapelketa honetan honako tiralariak ari dira lanean Sakana taldean: Aiora Barandiaran, Garazi Retegi, Aitziber Biurrun, Naiara Mundiñano eta Arantza. Txapela irabazi nahi badute Sakanako neskak bereziki Amaiur taldea irabaztera atera beharko dira, kosta ala kosta. Bihar argituko da guztia.