Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean despeditu zen Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketa, Errotxapean jokatutako hirugarren eta azken jardunaldian. Emakumezkoetan (260 kg) sei talde lehiatu dira. Lehen bi jardunaldietan aurten debutatu duen Amaiur taldea aritu zen hobekien, eta Sakana taldeko neskak bigarrenak izan ziren. Horrela, txapela janzteko Sakana taldeak gainontzeko taldeak bai, baina bereziki Amaiur hartu behar zuen menpean. Hortaz, azken jardunaldiak erakargarritasun handia zeukan, ez baitzegoen erabakita zein taldek lortuko zuen txapela.Bada, hirugarren eta azken jardunaldian Amaiur, Sakana eta Lesakako Beti Gazte oso paretsu aritu ziren, bakoitzak bosna puntu lortuz. Oso tiraldi parekatuak eta lehiatuak izan zituzten hirurek. Beti Gaztek bi tiraldiak irabazi zizkion Sakanari; Sakanak, berriz, Amaiurri; eta azken honek Beti Gazteri. Ondorioz, bosna punturekin amaitu zuten saioa eta nahiz eta Sakanak Amaiur menpean hartu txapela Amaiurrek jantzi zuen, aurreko bi jardunaldietatik bi puntuko aldea kentzen baitzion Sakanari. Hortaz, Sakanako neskak bigarrenak izan dira, baina oso gertu izan dute txapela.Amaiur txapeldunak 17 puntu eskuratu ditu, Sakana txapeldunordeak 15 puntu eta Beti Gazte hirugarrenak 13 puntu. Berriozar A laugarrena izan da (9 puntu), Txantrea bosgarrena (5 puntu), eta Berriozar B seigarrena (4 puntu). Nahiz eta txapela ez lortu Sakanako neskak kontentu daude egindako lanarekin. Gizonezkoetan (310 kg) Berriozar taldeak jantzi du txapela.