Lehia borrokatuak eta giro paregabea Emakumeendako Sakanako I. Frontenis Txapelketako finaletan

Guaixe 2008ko maiatzaren 14a

Larunbatean Sakanako Emakumeen I. Frontenis Txapelketako finalak jokatu ziren Etxarri Aranazko Euskal Herriari pilotalekuan. Hiru mailatan banatuta, 25 bikote lehiatu dira emakumeen kirola bulkatzeko programaren barruan antolatutako txapelketan, eta finaletan giro paregabea izan zen. Gainera, jokalarien maila handia izan zen eta oso partida borrokatuetan erabaki zen txapela.Horrela, lehen mailako txapeldunak Rakel eta Bea izan ziren eta txapeldunordeak Eider eta Rakel. Bigarren mailan Saioa eta Yanirak jantzi zuten txapela, Eunate eta Irantzu menpean hartuta. Eta hirugarren mailan Sara eta Loitzune izan ziren irabazleak, Margari eta Begoñari irabazi eta gero. Finalen ondoren parte hartzaile guztiak bazkarira gonbidatuta zeuden, eta 32 bildu ziren mahaiaren inguruan, giro paregabean.Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eskerrak eman nahi dizkie txapelketan parte hartu dutenei eta Etxarri Aranatz, Olazti eta Irurtzungo arduradun Migel Aristorenari, Fermin Zornotzari eta Ipe Lizarragari. Txapelketak hurrengo urtean izanen du segida, parte hartzaileak pozik geratu direlako eta antolatzaileek - Kirol Zerbitzua, arestian aipatutako laguntzaileekin- txapelketaren oso balorazio positiboa egin dutelako.