Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igande goizean dozena bat txirrindulari izan ziren Altsasu eta Irurtzun arteko ibilbidea egin zutenak. Haiek Gelditourreko kamioiarekin batera iritsi ziren Irurtzunera eta herritarrek, musikaren laguntzaz, harrera egin zieten. Bazkaltzera 30 pertsona bildu ziren. Ordu batetatik bostak bitartean irurtzundar eta arakildarrek kamioiak daraman bideoa eta panel mordoa ikusi eta irakurtzeko aukera izan zuten. Egitasmoaren balizko ibilbideak plano handietan ere izan ziren ikusgai. Elkarlaneko kideak esku orriak banatu zituzten. SakananGelditourrak Irurtzun eta Arbizu arteko ibilbidea auto karabana baten laguntzaz egin zuen, horrela ibar guztian barna bere mezua zabaldu nahirik. 18:00etarako iritsi zen Arbizura eta han jende gehiago bildu zen bere ingurura. 21:00etaraino izan zen kamioia bisitatzeko aukera. Astelehen goizean, Etxarri Aranazko azokan izan zen gelditourreko kamioia. Jendea, larria batez ere, poliki bildu zen bere ingurura. Arratsaldez, Altsasun ere hainbat izan ziren Iortia plazan aparkatuta egon zen informazio erakusketa bisitatu zutenak. BatzarraSakanako AHT Gelditu! Elkarlanak, Euskal Herriko gainontzeko taldeen modura, ostiralerako batzarra deitu du. Pasa den astean Ordizia aldean AHTren lanak hasi direla jakin eta gero egin da deialdia eta egoera aztertu eginen da. Sakanako batzarra Lakuntzako udaletxean eginen da, ostiralean, 20:00etan. Aldi berean, igandean Ordiziako AHTko lanetara eginen den martxan parte hartzera deitu da. Sakanako AHT Gelditu! Elkarlana bestelako jarduerekin aurrera jarraitzen du. Ostiralean Irurtzungo Pikuxar euskal txokoan afaria izanen da. Igande eguerdian, berriz, Satrustegin AHT egitasmoak udalerrian ukituko lituzkeen inguruak bisitatzeko ibilaldia antolatu dute.