Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Erakusketa horren helburua da herritarrak hiri hondakin solidoen kudeaketa eta bilketari buruz sentsibilizatzea. Sakanako zabor bilketari buruzko azalpenak ematearekin batera, hura egoki funtzionatzeko jendearen parte hartzea beharrezkoa dela azaltzen du. Horretarako 3 zatitan banatzen da erakusketa. Aurreneko zatian hiri hondakinek sortzen dituzten arazoak eta haien konponbideen berri ematen dute. Horretaz gain, ikuspegi orokorra ematen dute. Bigarren zatian, Nafarroan eta Sakanan hondakinak nola kudeatzen diren azaltzen du, hainbat datu emanez. Azkenik, hiri hondakinak kudeatzeko eredu eta aholku egokiak ematen ditu erakusketak. Kontsumo arduratsua eta etxean egiten den banaketaren garrantzia ere aipatzen da. SakananAstelehenetik larunbata bitartean erakusketa Etxarri Aranazko kultur etxean izanen da ikusgai. Hurrengo aste osoa Irurtzungo kultur etxean emanen du erakusketak eta maiatzaren azken astean, 26tik 31ra, Altsasun izanen da ikusgai, Gure Etxea eraikinean. Hiru herrietan, erakusketaren ordutegia hauxe izanen da: 18:30etik 21:30era. Erakusketaz gain, ibarreko ikastetxeetan ere hiri hondakinen inguruko tailerrak eginen dira. Uharte Arakilgo San Migel eta Lakuntzako Luis Fuentes ikastetxe publikoetan hilaren 20an izanen da. Olaztiko Domingo Bados ikastetxe publikoan hilaren 26an izanen da eta Altsasuko Sagrado Corazon ikastetxean hilaren 28an. Etxarri Aranazko bi ikastetxeetan aste honetan egin dira tailerrak.