Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Teknikari berriak, Mankomunitateko lehendakari Migel Angel Zubiria eta erakundeko Euskara Batzordeko buru Jonjo Agirrerekin batera agertu ziren prentsaren aurrean asteazkenean. Maiderrek, zerbitzu buruak, aurtengo lehentasunak aletu zituen. Horietan lehena Irurtzun, Uharte Arakil, Altsasu eta Olatzagutiako udalen normalizazio planak diseinatu eta abiaraztea dago. Azterketa horiek ibarreko gainontzeko herrietan ere egin nahi ditu euskara zerbitzuak. Bestalde, UEMArekin elkarlanean Arbizu, Etxarri Aranatz eta Urdiaingo Udaletan erabilera planak aurrera eraman nahi dira. Aurreratu zuenez, Etxarrin, dagoeneko, diagnosia egina dago. OrdenantzakSakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, bestalde, euskara ordenantzak egokitzeko bidea hasi nahi du. Onartuak dauden herrietan hori, gainontzekoetan "lehenbailehen osatu" nahi dituzte. Prentsaurrekoan adierazi zutenez, "kudeaketa tresna erabilgarriak izateko, dauden baliabideak kontuan izanda". Ordenantzak plangintzekin osatuko lirateke. Bestalde, Arakilgo, Altsasuko, Olatzagutiako eta Ziordiko euskaldunen erroldak osatu nahi lituzkete aurten. Jakinarazi zutenez, "borondatezkoak dira. Udalarekin harremana euskaraz izatea nahi duten pertsonak bilduko lituzkete erroldok". Horretaz gain, administrazioan euskara erabiltzeko kanpaina egitekoa da mankomunitatea, "herritarrek erabil dezaten, barrura begira, zer dagoen jakiteko". Aurreko urteetan bezala, udal langileen euskalduntze planak martxan jarriko dira. Aurten, estreinakoz, hautetsiek euskara ikasteko programa ere martxan jarriko du mankomunitateak. Azkenik, itzulpen zerbitzua azkartu eta udalekin irizpideak egokitu eta betearaztea dute aurreikusita mankomunitateko euskara zerbitzuan. Udal langileek euskaraz sortzen hasteko pausuak ematea ere aurreikusten dute. 3 eskualdetanJakinarazi zutenez, euskara zerbitzuaren buru Maider Goñi Razkin izanen da. Jonjo Agirrek azaldu zuenez, "Sakanako udalei eta herritarrei ahalik eta zerbitzu gertuena emateko mankomunitatean beharrean beste udaletan ariko dira lanean teknikariak". Lakuntzako egoitzan itzulpenez arduratzen den Maitek eginen du lan. Gainontzeko teknikariei dagokienez, Ainhoa Arakil, Irurtzun, Irañeta eta Uharte Arakilez arduratuko da. Normalean Irurtzunen lan eginen du, han baitaude Arakil eta Irurtzungo udaletxeak. Horretaz gain, astean behin Uharte Arakilgo udaletxean izanen da.Maider Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Ergoiena, Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Urdiainez arduratuko da. Denbora gehien Lakuntzan eta Etxarri Aranatzen emanen du eta handik beste udalei emanen die zerbitzua. Azkenik, Elvira, Iturmendi, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiaz arduratuko da. Altsasun egonen da, gehien bat. Astean behin Olaztin izanen da eta hamabostean behin Iturmendin eta Ziordian.