ESPAZIOAREKIN DANTZAN

Guaixe 2008ko maiatzaren 16a

Manu Muniategiandikoetxea (Bergara 1966) artista euskaldunaren lanak Donostiako Koldo Mitxelenan daude ikusgai. Erakusketan pintura, eskultura eta marrazkiak aurki ditzakegu.Marrazkiak formatu txikikoak dira, gai erotikoak jorratzen dituzte eta tamaina bereko markoetan daude txertatuta. Bi ilaratan jarri ditu artistak, distantzia berberera, gelaren hiru pareta bete arte. Ibilbide interesgarria markatzen dute garai batean liburu bat osatzeko egin zituen marrazki hauek. Eskuin aldeko paretan bada marrazki bitxi bat: irudikapen figuratiboa hau ere, non gizaki batek eskultura bat miazkatzen duen. Urrundu eta marrazki guztiak (marko berdina, distantzia berberera, gai antzekoa) bat-batean eskultura bat iruditu zaizkit, instalazio baten pareko zer edo zer, eskulturarekiko (espazioa-gizakia-bizipenak) artistak duen asmoa edo.Margolan eta eskulturak nahasiago ageri dira gainontzeko gela guztietan. Sarrerako margolan handiak trazu solteko  irudi organikoak islatzen ditu, paisia baten antzeko osotasun bat eratuz. Kontrastea bizia da, nahiz eta koloretan apala izan. Ez du beste geletan aurki daitekeena iradokitzen.Barruan gauzak bestelakoak dira. Bai eskulturan bai pinturan estrukturak ageri dira, formatu handi samarrean hauek ere. Pinturari eskultura kutsua dario, planoz eraikitako arkitekturen errepresentazio lauak diruditelako. Pareta urratzen duten espazioak izan daitezke, eraikinaren izaera kolokan jarri nahi balute bezala agertaraziak. Eskulturak egurrezko plano zabalez osatu ditu, loturak (tornilo eta bisagrak) agerian daudelarik; beste batzuetan jatorrizko oholen izaera ikusten da, ateak dira, alegia.   Hezurdura bitxi haina eder hauen plano bakoitza kolore arinez estalia dago. Hauen tamaina betetzen duten gelarekin muturreraino tentsionatuta dago. Hezurdura-eskultura bakoitzak gelarekin desafio bat egiten du: nork nor edukiko, nork nori eutsiko, eta tartean bisitariak, oholen artean lehiari so, amaiererik gabeko jardunaren lekuko. Zirrara hori oso presente dago erakusketa guztian barrena.Erakusketatik irten eta Muniategi zeinen eskultore ona den ondorioztatzea zilegi bilakatzen da, nahiz eta adituek margolaria dela dioten.Miren Ustarroz