Hizkuntza eskubideen babesean "eraginkorragoak" izan nahi dute Behatokiak eta UEMAk

Guaixe 2008ko maiatzaren 20a

UEMAko presidente Jon Bollarrek sinadura ekitaldian adierazi zuenez, "urrats praktikoak emanen ditugu gehiagotan urraketarik gerta ez dadin, ez gure udaletan, ez gure udalerrietako herritarrei dagozkien gainerako erakundeetan". Hizkuntza eskubideen urraketak ez emateko lan egin eta dagokionari zuzentzeko proposamenak egiten jarraituko zutela adierazi zuen Bollarrek. UEMAren kide Arbizu, Etxarri Aranatz eta Urdiain daude. Behatokiko Paul Bilbaok esan zuen badakitela "euskaraz lan egiten duten administrazioek hamaika oztopo izaten dituztela eguneroko jardunean. Arrazoi horrengatik, administrazio horien esku ere jarri nahi dugu Euskararen telefonoa zerbitzua". Herritarren artean hizkuntza eskubideekiko gero eta kontzientzia gehiago dagoela ohartuta Behatokiak bere zerbitzua herritarrei gerturatzeko nahia adierazi zuen. Euskararen Telefonoaren bidez euskaldunek egunero sortzen diren ezintasunak edo erraztasun nabarmenak azaldu ditzakete.