Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Kirol Astea indarberritzeko asmoz, aurreko urtetako ibilbidearekin apurtu zuten iaz, eta kurtso amaierara pasa zuten eta bailara bakarrera mugatu, Burundara. Joan zen urteko emaitzekin pozik, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak bide horri eutsi dio. XVI. edizio honetan Aranazek hartuko du txanda. Sakanako Mankomunitateko teknikari Nerea Martinezek adierazi zuenez, "Sakanako Kirol Astearen helburu nagusia Aranazko ikastetxe eta kirol taldeetako haur, guraso eta antolatzaileak bildu eta haien arteko harremanak bultzatzea da". Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak "Iturmendi, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza eta Arruazuko udal eta herri horietako ikastetxe eta kirol elkarteen laguntza" izan du kirol astea antolatzeko. "Haien proposamen eta laguntzari esker, urtetik urtera hobetuz doa kirol astea" adierazi zuen esker onez Amaiak.Kirol adaptatua, erreziklatze tailerra eta lehen sorospenakSakanako Kirol Astearen antolatzaileek haur eta gaztetxoen artean baloreak lantzeko ahalegin berezia egin dute aurten. Helburu horrekin, kirol astea irekitzeko, kirol adaptatua praktikan jartzeko aukera izanen dute astelehenean, Etxarri Aranatzen; asteazkenean, Arbizun; eta ostegunean, Iturmendin, denetan ere pilotalekuetan, 17:30ean hasita. Zuzenak taldearen eskutik, "ohiko jolasak egiteko aukera izanen dute, beti ere haurra minusbaliatuen lekuan jarriko duten zailtasunak gehituta: gurpildun aulkia, begi estaldura..." jakinarazi zuen Nerea Martinezek.Erreziklatzeko tailerra ere hartuko du kirol asteak. Asteartean, Bakaikun; asteazkenean, Etxarri Aranatzen, eta ostegunean, Lakuntzan, etxetik eramandako ontziekin (jogur pote, arrautza kutxa, paper erroilu, plastikozko botila...) kirol materiala egin eta haiekin jolasteko aukera izanen dute, Txubindo Natur Gunearen laguntzarekin. Hiru herrietan, herriko plazan dute hitzordua, 17:30ean hasita. Aranazko ikastetxeetan ere izanen da zer egin: Aste osoan zehar ikastetxe batetik bestera ibiliko dira DYAko adituak, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleekin lehen sorospenen oinarrizko ikastaroa ematen. Kirol Asteari amaiera emateko, Aranazko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleen arteko miniolinpiadak hartuko ditu Etxarri Aranazko pilotalekuak ekainaren 1ean, 10:00etan. ErakusketaSakanako Kirol Astearen XVI. edizio hau Aranazko Kirol Eskolen Bukaerako Jaialdia izanik, Etxarri Aranatz, Arbizu eta lakuntzako kirol eskolek argazki erakusketa antolatu dute. Erakusketa herriz herri ibiliko da: maiatzaren 26, 27 eta 28an, Etxarri Aranazko kultur etxean egonen da, 19:00etatik 21:00etara; hilaren 29an eta 30an, 19:00etatik 21:00etara, Iturmendiko udaletxean; eta ekainaren 2an eta 3an, 10:00etatik 21:00etara, Lakuntzako udaletxean. Parte hartzeaSakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak adierazi zuen Kirol Asteko ekitaldi ezberdinetan 400 pertsona inguru espero dituztela "eta horri ikastetxeetako tailerrak eta erakusketak biltzen dituenak gehitu behar zaizkie". Prentsa aurrean azaldu ziren ikastetxeetako irakasleek ekitalditan parte hartzera gonbidatu zituzten sakandar guztiak. EgitarauaKirol adaptatua: Maiatzaren 26an, astelehenean, 17:30ean, Etxarri Aranazko pilotalekuan; Maiatzaren 28an, asteazkenean, 17:30ean, Arbizuko pilotalekuan; Maiatzaren 29an, ostegunean, 17:30ean, Iturmendiko pilotalekuan.Erreziklatze tailerra: Maiatzaren 27an, asteartean, 17:30ean, Bakaikuko plazan; Maiatzaren 28an, asteazkenean, 17:30ean, Etxarri Aranazko plazan; eta 29an, ostegunarekin, 17:30ean, Lakuntzan.Miniolinpiadak: Ekainaren 1ean, igandearekin, 10:00etan, Etxarri Aranazko pilotalekuan eta plazan.Lehen sorospenak: astean zehar Aranazko ikastetxeetanArgazki erakusketa: Etxarri Aranazko kultur etxean, maiatzaren 26, 27 eta 28an, 19:00etatik 21:00etara.Iturmendiko udaletxean, maiatzaren 29 eta 30ean, 19:00etatik 21:00etaraLakuntzako udaletxean, ekainaren 2 eta 3an, 19:00etatik 21:00etara.