JOHANNES BRAHMS

Guaixe 2008ko maiatzaren 23a

Brahms Hanburgon jaio zen 1833ko maiatzaren 7an . Aitak irakatsi zizkion bere lehenengo musika jakinbideak. Laster nabaritu zitzaion pianojole bikaina zela, eta gaztetik, familiaren gastuak ordaintzeko, jatetxeetan, tabernetan eta baita burdeletan ere pianoa jotzen zuen. Aldi berean, klaseak ematen zituen gainera.Brahms-ek piano kontzertu publikoak eskaini zituen, baina ez zuen nahi besteko arrakastarik izan. Nahiz eta onarpen eskasa izan, berak egin zuen "Pianoko kontzertuak" obren estreinua. Konposaketari ekin zion, baina bere obrek ez zuten publikoaren interesa erakarri. 1853an kontzertu bira bat hasi zuen orduko musikari famatu batekin. Bidaia horretan Franz Liszt eta Robert Schumann ezagutzeko aukera izan zuen. Azken hau, konpositore ez ezik, musika aldizkari famatu baten editore ere bazen, eta kritikaren nahiz enpresarien interesa erakarri zuen Brahms gaztearen lanak aipatuz. Aipamen honi esker hasi zen Brahms konpositore ezagun eta preziatu bilakatzen. Robert Schumanni esker, Brahmsek Roberten emaztea ezagutu zuen, eta harreman hau maitasun platonikora heldu zela uste da.1862an Brahmsek behin-betiko bizilekua aukeratu zuen Vienan, han konposaketa aunitz egin zituen. 30 urtetan zehar konposatzen aritu zen, gaur egun musika klasiko erromantikoko lanetan funtsezkoak diren atalak sortzen. Horiek oso harrera ona izan zuten, bere garaian konpositore handienetakotzat jotze baita. Bere arrakasta garrantzitsuena "Requiem" alemaniar batekin lortu zuen, obra koral handi izugarria izan baitzen. Publikoak emandako harrerak bere "1. Sinfonía" hastera animatu zuen, eta hamar urte eman zituen bukatzeko.57 urterekin konposizioa uztea erabaki zuen. Baina bere heriotzera iritsi baino lehen, zenbait obra garrantzitsu konposatu zituen, adibidez "Bi klarineterako sonatak" eta lau "Kanta serioak".Askok Beethovenen ondorengotzat hartu dute, eta bere lehenbiziko sinfoniari "Beethovenen hamargarren sinfonia" deitu zioten. Argi dago, beraz, Brahmsek Beethoven miresten zuela eta eragin bikaina izan zuela bere lanetan. Hala ere, Mozart eta Haydn bezalako konpositore klasikoen eragina jaso zuen.Esan ohi dute Brahms naturaren maitale izan zela, eta Viena inguratzen duten basoetan paseatzea gustukoa zuela. Gainera, beti gozokiak eramaten zituen umeei banatzeko.Vienan bertan hil zen, ezkongabe, eta 64 urterekin, minbizi baten ondorioz.Fermin Idareta