Txirrindulari afizionatu onenak, Sakanan

Guaixe 2008ko maiatzaren 23a

Union Ciclista Navarra taldeak 47. Nafarroako Itzulia-Nafarroako Kutxa Sari Nagusia antolatu du. Asteazkenean aurkeztu zuten proba, Juan Mari Guajardo kazetari altsasuarra hizlari zela. Txirrindulari afizionatuen proba garrantzitsu hau asteartean, maiatzaren 27an, abiatuko da Pitillasetik, eta ekainaren 1ean despedituko da Iruñean. Aurten proba oso gertutik jarraitzeko aukera izango dugu, osteguneko etapa Altsasun despedituko delako eta ostiralean, maiatzaren 30ean, Altsasutik abiatuko delako tropela. Itzuliko 7 etapetan guztira 848 km egingo dituzte proban lehiatuko diren 16 taldeetako txirrindulariak. Proba irabazi nahi duenak lehen eguneko erlojupekorako talde sendoa izan beharko du eta primeran moldatu beharko da mendian eta erdi mailako etapetan.Nafarroako Itzulia UCI Europa Tourreko egutegian sartua dago. 16 talde lehiatuko dira, tartean Sakanako Rural Kutxa eta Euskal Herriko egutegian ibiltzen diren ohiko taldeak, Lizarte, Telcom-Aldabea, Azysa-Cetya, Cafes Baqué, Bidelan, Azpiru eta Orbea-Oreka. Aparte, Kantabriako Camargo-Roper, Gaztela Leongo Viña Magna-Cropu, Valentziako Comunidad Valenciana, Italiako Cinelli-OPD eta A-Style Somn, Belgikako Davo, Holandako Sunweb Pro eta Kazakhstaneko Astana Kazakhstan taldeak lehiatuko dira. Guztiek ahal dutena emango dute lasterketa prestigiotsu hau irabazteko asmoz.7 etapa gogor 7etapa izanen dira jokoan. Asteartean, maiatzaren 27an, bi sektore izanen dira. Lehenik eta behin taldekako 16kmko erlojupekoa egin beharko da, 16 km-koa, eta ondoren Pitillasen hasi eta Tutera arteko 112 km-ak osatu beharko dituzte txirrindulariek. Maiatzaren 28an, asteazkenean, Tuteran hasi eta San Adriainen despedituko da lehia, 156 km eta Funeseko gainak gainditu eta gero.Sakanan barna Hirugarren etapa San Adrianen (15:15ean) hasi eta Altsasun bukatuko da (18:47ean), ostegunean, maiatzaren 29an, 138 km egin eta gero. Urbasako gainetik helduko da lasterketa gurera (17:25ean), eta Olaztitik Iruñeko norabidea hartuko du, Etxarri Aranatzeraino helduz (18:07ean). Han Lizarragako katea igo eta Arbizura jaitsiko dira (18:28ean), Altsasuko bidea hartuz. Udaletxe aurrean despedituko da lasterketa (18:47ean).Laugarren etapa, maiatzaren 30ekoa, Altsasun hasiko da, 15:00etan, eta Villatuertan bukatuko da (148 km). Txirrindulariak Sakana gurutzatuko dute. Izan ere Etxarri Aranatzeraino heldu eta Lizarragako Katea igoko baitute (15:25ean), gero Arbizuraino jaitsi eta Irurtzuneraino heltzeko (16:09ean). Izurdiagako bidea hartuko dute orduan, eta lasterketak Errotzen utziko du Sakana, Villatuertaraino heltzeko.Larunbatekoa, maiatzaren 31koa, etapa gogorrena da: Villatuertan hasia eta Erreniegako gainean bukatuko da (137 km), 8 mendate gainditu eta gero. Eta bukatzeko, ekainaren 1ean Iruñean hasi eta despedituko den etapa izanen da jokoan (141 km).Informazio gehiagorako www.unionciclista.org web orrira jo daiteke.