Sakandarren eguna

Guaixe 2008ko maiatzaren 26a

Goiz-goizetik animazioa egon zen Irurtzungo karriketan. Erraldoi eta buruhandien konpartsa batetik, joaldun taldea bestetik eta pertsonai mitologikoek herrian barna festaren iragarle bihurtu ziren. Ondoren ospakizunaren erdigunea plaza izan zen. Haur antzerkiak, azokak eta Sakanako dantzari txikien saioa izan ziren ardatza. Jende ugari bilarazi zuten foruen plazan. OmenaldiaEtxarriko txalapartarien doinuekin hasi zen omenaldia. "Sakanaren izena Euskal Herrian eta kanpoan ezagutzera emateagatik" jaso zuen Urteko Sakandarraren izendapena Jose Ramon Andak. Bakaikuko eskultoreak, euskara txukunean, esker oneko hitzak izan zituen beretaz gogoratzeagatik. Bihotzez eskertu zuen izendapena. Ondoren aitortu zuenez, "ezustean hartu nau izendapenak, lehen ibarrarekin lotura gehiago nuelako. Hainbat ekimenetarako kartelak, pegatinak, eskulturak... egiten nituen". Jose Ramonek esan zuen "gurasoei ilusioa eginen liekeela". Aldi berean, aurrera jarraitzeko etxean izandako babesa nabarmendu zuen. Francisco Javier Iriartek, Txapek, jaso zuen Urrezko Aitzurra kultur arloan egindako lanagatik. Berak egindako lana "Orritzen laguntzarekin" egin duela nabarmendu zuen, eta esker oneko hitzak izan zituen Orritzendako, etxekoendako eta egunaren antolatzaileendako. Orritzeko arimetako bat, Iskidi joaldun eta pertsonaia mitologikoen taldeetako kide, Pikuxarreko bazkide ere bada. Hainbat urtez gaztetxean ere aritu zen lanean. Nabarmendu zuenez, "nik bakarrik ez, denen artean eraman ditugu proiektuak". Bi omenduei aurreskua dantzatu zieten. BazkariaOmenaldiaren ondoren jakitekoa zen zein zen bakailao lehiaketaren irabazlea baina txapelketa bertan behera gelditu zen nahikoa parte-hartzaile izan ez zelako. 5 talde ziren parte hartzekoak, baina irintarrak eta iturmendiarrak aurkeztu ziren soilik. Bi taldeek erabaki zuten bakailaoa elkarrekin prestatzea. Bazkarian dastatzeko eman zuten prestatutakoa. Bazkaltzera 380 bat pertsona bildu ziren Irurtzungo plazan bazkaltzera. Inoiz baino gehiago. Iturmendiko Aitzkozar elkarteak prestatutako babarrunak eta Irañetako Euskara Kultur Taldeak prestatutako haragia izan zen menua. Bazkalondoa ederki animatua izan zen, kantu eta bestelakoekin. Ginkana ere egin zen. Behar baino talde gehiago zeuden eta 3 kanpoan gelditu behar izan zuten. Ginkanako probak euripean egin ziren eta horrek giroa pixka bat jaixtea ekarri zuen. Euriagatik eta jende gutxi zegoelako arratsalderako iragarria zegoen kalejira ere bertan bera gelditu zen. Bestalde larunbatean, estrainekoz, Irurtzunen otamena egin zen. Gau partean langarra eta hotza egin zuen. Horrek plazako kontzertuetan eta kalean jende gutxi biltzea ekarri zuen. Jendea tabernetan izan zen. Horrela joan zen Sakandarren Egunaren 5. edizioa. Heldu den urtean Burundako herri batek hartuko du. Batzorde antolatzaileak erabakiko du eta, berriro ere, jai eguna larunbatean mantentzea edo igandera aldatzea aztertuko da. Bitartean, aurten, atzera ere, ke seinaleak egoki egiteko asmoa azaldu dute antolatzaileek.