Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Elkartea berritzeko diru iturri gisa aurreko larunbatean Aitziber Cross I. Saria antolatu eta gero, Urdiaingo Aitziber Elkarteak bizikletari helduko dio. Igandean, ekainaren 1ean, Aitziber Extrem I. Saria prestatu du Urdiaingo elkarteak, BTT edo mendi bizikletan murgiltzen diren kirolariei begira, herrian txirrindularekiko zaletasuna badagoela kontuan hartuta. Aitziber Extrem proba ez lehiakorra izanen da, eta hortaz, ez da parte hartzaileen denborarik hartuko. Helburua, Urbasa-Andian prestatutako ibilbide paregabeaz disfrutatzea da, txirrindulariak ongi pasatzea, finean.Egunean bertan izena eman daitekeIbilaldian parte hartzeko, federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatu gabekoek 20 euro. Izena ematea aurretik egin daiteke, www.aitziber.com web orrira joz. Inskripzioa egin eta gero Nafarroako Kutxako 2054 0097 169151682253 kontu zenbakira transferentzia egin beharko da, kontzeptu moduan izena-abizenak jarriz. Nolanahi ere ibilaldi egunean bertan, igandean, apuntatu daiteke, goizeko 7:30etik 8:30era, Urdiaingo Aitziber Elkartean.Aitziber Extrem I. Sarian izena ematen duten txirrindulariak goizeko 9:00etan abiatuko dira, Urdiaingo Aitziber Elkartetik. Antolakuntzak 65 kilometroko ibilaldi ederra prestatu du, Urbasa-Andian barna. Parke naturala dela kontuan hartuta, ibilbide pribilegiatua izanen dela esan daiteke. Txirrindulariak Urdiaindik atera eta Olazti aldera abiatuko dira. Urbasa igo eta gero ibilbide lasaia eta erraza dela esan daiteke, ordutik aurrera ia guztia laua baita. Otsaportillotik Andiara abiatuko dira txirrindulariak, Beriain eta Dorraotik jaitsi, eta handik zuzenean Urdiainera jotzeko.Aitziber elkarteko kideak guztia bikain ateratzeko lanean izanen dira. Txirrindulariek beharrezko zerbitzu guztiak izanen dituzte eskura: hornidura postuak, mekanikariak, bidegurutzeetan jendea, zerbait gertatuz gero osasun zerbitzuak...Altsasuko XIII. zeharkaldia, ekainaren 8an Urdiaingo Aitziber Extrem I. Saria baliagarria izango da Burunda Txirrindularitza Taldeak ekainaren 8an, 9:00etan antolatuko duen XIII. Altsasuko BTT Zeharkaldia prestatzeko. Altsasuko mendi txirrindularitza ibilbide hau erabat errotuta dago eta urtetik urtera parte hartzaile gehiago hurbiltzen dira. Zailtasun ertaineko lasterketa honek 48 km luze ditu. Altsasutik atera eta Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaikoa eta Etxarri Aranazko dermioetatik igaroko da. 14 urte gorakoei zuzenduta, Sakanako paisaia zoragarria gozatzeko aukera egonen da zeharkaldia ez lehiakorra baita. Txirrindulariek derrigorrezkoa izanen dute kaskoa erabiltzea.Altsasuko XIII. zeharkaldirako izena ematea zabalik dago. Ekainaren 4ra arte www.clubciclistaburunda.com web orrian apuntatu daiteke. Federatuek 14 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatu gabekoek 18. Bestalde, ibilaldiaren egunean bertan ere apuntatzeko aukera egonen da, 7:45etik 9:00etara. Kasu honetan federatuek 17 euro pagatuko dituzte eta ez federatuek 21. Txirrindulariek hornidura zerbitzua izanen dute eskura, eta oparitxoa jasoko dute.