Iglinskiy izan zen azkarrena Garzia Ximenez kaleko maldetan

Guaixe 2008ko maiatzaren 30a

Urbasa eta Lizarragako portuek ez zituzten 23 urtez beherako elite mailako txirrindulariak izutu. Tropel nagusiak bere horretan jarraitu zuen eta batera iritsi zen Altsasura, etapa esprintean amaitzeko. Ulan taldeko Iglinskiy izan zen garailea.Beste behin ere, agerian geratu zen talde kontinentalen eta afizionatuen arteko aldea. San Adrian atzean utzita, Sakanatik gertu, etapako lehen maldetan, erakustaldia ematen saiatu ziren zenbait afizionatu. Urbasan nahiz Lizarragako portuan gora, ahalegina egin zuten Esteban (Baqué), Amador (Lizarte), eta Ferrarik (Azpiru) esaterako. Baina talde kontinentalek lasterketaren kontrola mantendu zuten eta tropelean iritsi ziren Altsasura. Garzia Ximenez kaleko aldapan gora Burgos Monumental taldeko Enrique Mata eta Camargoko De Baat aurreratu ziren, baina, altsasuarren oihu eta txaloen arten, haien aurretik zeharkatu zuen helmuga Ulan taldeko Iglinskiyk. Patxi Mundiñano etxarriarra 9.a izan zen eta Rural Kutxako Xabier Zabalo, 47.a, biak ere irabazlearen denbora berean.Lidergoari eusten dio Orbea taldeko Sesmak. 49. postuan dago Patxi Mundiñano, 1:46ra; eta 58.ean Xabier Zabalo, 2:50era.Atzoko etaparekin asetzen ez direnek, gaur ere izanen dute txirrindulariekin gozatzeko aukera. Izan ere, laugarren etapa, Altsasun hasiko da. 15:00etan emanen diote hasiera txirrindulariek. Etxarri Aranatzeraino heldu eta Lizarragako Katea igoko dute, berriz ere (15:25ean), gero Arbizuraino jaitsi eta Irurtzuneraino heltzeko (16:09ean). Izurdiagako bidea hartu eta gero, lasterketak Errotzen utziko du Sakana, Villatuertaraino heltzeko. 148 kilometro egin beharko dituzte.Igandean despedituko dute txirrindulariek itzulia. Oraindik ez dago ezer erabakita, geratzen diren etapak portu eta gora-beherez gainezka baitatoz. Beraz, sakandarrek badute oraindik hizpide izateko denbora.