Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udal hauteskundeak izan eta urte bete ondoren, Nafarroa Baiko hautetsiek adierazi zuten karguak hartzerakoan haien helburuetako bat izan zela "Sakanaren aniztasuna gordetzea eta politikagintzaren bidez elkarbizitza hobetzea". Asmo berarekin jarraitzen dutela berretsi zuten "nahiz eta EAE-ANVk sustatutako kanpaina ankerrak, manipulatzaileak eta etikatik ezer gutxi dutenak jasan behar ditugun aldiro". Koalizioko karguek berretsi zuten "Sakanan Nafarroa Baik dituen hautetsi guztiak zilegiak" direla. Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Ziordiko kasuez hitz egiterakoan nabarmendu zuten haiena izan zela zerrenda bozkatuena eta "lortutako boz kopuruaren araberako kargu kopurua hartu" zutela. Koalizioak hainbatetan Alderdien Legea "antidemokratikoa" dela salatu duela gogora ekarri zuten eta gehitu: NaBaik "ezin ditu, inola ANVko hautetsiak legeztatu". Aldi berean, agerraldian izan ziren koalizioko kideek esan zuten 3 herri horietan EAE-ANVko hautetsiek "proposamenak egin, informazioa jaso eta alkatearen esku dagoen guztian, gure zinegotziek bezalaxe parte hartzen dute eztabaidetan". Horregatik guztiagatik NaBaik ekintzaileei exijitu die "euren hautetsiekiko exijitzen duten errespetua, beste indarretako hautetsi guztiekin izan dezatela". Bide batez, EAE-ANVri eskatu zioten "koakzio kanpainei azkena" ematea, "areago pertsonak jomuga gisa hartzea". Euskara teknikariaNaBaiko ordezkariek salatu zutenez, hauteskunde kanpainaz geroztik "intimidazioak, ondasunetan kalteak eta deskalifikazio pertsonalak jasan behar izan" dituzte. Koalizioarendako horren azken adibidea litzateke Etxarri Aranazko alkate Maider Goñik jasandako "kartel eta prentsan argitaratutako gutun kanpaina". Azken horietan egiten diren "faboritismo-entxufismo edota tongo akusazioek ez dute inongo oinarririk eta onartezinak dira" NaBairendako. Agerraldian hautetsiek gogora ekarri zuten Maider aurretik ere euskara teknikaria lana egiten zuela eta mankomunitatean laugarren euskara teknikaria kontratatzeko proposamena Irurtzungo alkateak egin zuela. Aldi berean, nabarmendu zuten EAE-ANVko ordezkariak "zerbitzua indartzeko beharrarekin bat zetozela". Koalizioko kideek adierazi zuten Maider Goñi dela Euskara Zerbitzuko buru "eskermendu zabalena duelako eta puntuaziorik hoberena lortu zuelako". Aldi beren, NaBaikoek gogora ekarri zuten deialdia "teknikarien lan poltsa osatzeko" egin zela eta lanpostuak "aldi baterako beteko dituztela". Deialdirako "ahalik eta epaimahairik gaituena eta anitzena osatzen" ahalegindu zirela eta jarraitutako prozedurarekin "harro" daudela nabarmendu zuten. Azkenik gogora ekarri zuten, epaimahaiko kide guztiek "prozedura zuzena, gardena eta arauen araberakoa izan dela" dioen oharra publiko egin dutela.