Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo eman zioten amaiera Iruñean 23 urtez beherako elite mailako txirrindulariek Nafarroako Itzuliari. Tartean, denetariko lanak egin behar izan dituzte txirrindulari gazteek: erlojuz kontra laster egin, mendian gora ibili, bizi-bizi esprintatu. 848 kilometro egin dituzte 7 etapetan, Sakanan barna horietako asko.Azpiru taldeko Diego Tamayorendako izan da itzulia. Etapan pasatako larrialdiek are gozoagoa egin zuten amaiera. Izan ere, behar baino lehenago, ia taldekiderik gabe geratu zen. Bere lagunen faltan, Ulan taldekoen lanaz baliatu zen. Biek lan egin eta saria ere bi taldeendako izan zen. Tamayok irabazi du itzulia eta Ulan taldeko Iglinskiyk atzoko etapa eta talde onenaren saria.Xabier Zabalok 39. postuan amaitu du itzulia, 15:39ra. Patxi Mundiñanok ostiralean utzi zuen lasterketa.Rural Kutxa pozik Nafarroako gainerako taldeek bezala, etxean irabazteko ahalegin berezia egin du Rural Kutxak. Ahalegin horretan ez dute azken egunera arte etsi. Atzo, esaterako, etapa erdian ihes egin zuen Ruben Martinezek, beste hiru txirrindularirekin batera. Ihesak ez zuen arrakastarik izan, baina ez da saririk gabe geratu Rural Kutxa. Atzoko eta aurreko egunetako lanari esker, esprint berezien saria jaso du Ruben Martinezek.Rural Kutxako zuzendari Francisco Javier Jimenez pozik zegoen taldeak egindako lanarekin. "Sailkapen orokorreko 11. postuan sartu dugu Aleix Fabregas taldekidea, esprint berezien saria irabazi dugu eta, hasieran zailena zirudien etapan, taldekako erlojuz kontrakoan, 5.ak izan ginen".