Olinpiada txikiek Kirol Astea itxi dute

Guaixe 2008ko ekainaren 3a

XVI. Sakanako Kirol Asteak kirolez bete ditu Iturmendi, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Arbizu eta Lakuntzako pilotaleku eta plazak. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatutako zazpi eguneko kirol festa horrekin, Aranazko kirol eskolek amaiera eman diote ikasturteari.Aste osoan zehar jarduera aunitzekin gozatu ahal izan dute Aranatz aldeko kirolzaleek: kirol egokitua, birziklatze tailerrak, lehen sorospen ikastaroak, kirol elkarteen argazki erakusketa... Astea despeditzeko, olinpiada txikiak izan zituzten joan zen igandean Etxarri Aranazko pilotalekuan.Iturmendi, Etxarri Aranatz eta Lakuntzako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBH-ko 1. eta 2. mailako 50 gaztek egin zuen bat olinpiadetan. Ikastetxeetako ikasleak talde ezberdinetan nahasita, lagun berriak egin eta betiko nahiz ohikoak ez dituzten kirolekin (herri kirolak, eskubaloia eta saskibaloia) gozatu ahal izan zuten Aranazko gazteek.Honezkero, datorren urtera arte despeditu da kirol astea. Heldu den urtean Arakil aldeak hartuko du lekukoa.